Ligari ekiteko prest da Anaitasuna

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 5a, 13:03

Anaitasunak eta Antiguokok Txerloian jokatutako partida. (Anaitasuna)

Euskal Ligako emakumeen taldeak igande eguerdian Eibarren (Gipuzkoa) ekingo dio 2024-2025 denboraldiari, Eibar C taldearen aurka. Aldaketa ugari izan ditu taldeak azken asteetan, baina ilusioz hasiko dute urtea Mikel Barquerorenek.

Anaitasuna futbol taldeari orduak besterik ez zaizkio gelditzen berdeguneetara itzultzeko. Datorren igandean, hilak 8, hasiko dute Euskal Liga emakumeek sasoi berria. Eibar C taldea izango dute arerio Eibarko (Gipuzkoa) Unbe zelaian, 12:00etan hasita. Denboraldiaurrean hiru partida jokatu dituzte gorritxoek, eta hirurak galdu dituzte: Realaren D taldearen aurka 0 eta 6 galdu zuten; Antiguokoren aurka 1 eta 4; eta azken lagunartekoan, 3 eta 0 galdu zuten Tolosaren aurka.

Mikel Barquero entrenatzaile azkoitiarrak jarraituko du beste urte batez emakumeen taldea zuzentzen. Gainera, zenbait aldaketa izan dituzte gorritxoek sasoi berrira begira; izan ere, zortzi dira gorritxoen taldean agur esan duten jokalariak: Ane Juaristi, Maider Badiola, Libe Urtzelai, Oihana Goenaga, Ane Epelde, Zihara Gabilondo, Irati Azpiazu eta Edurne Aldaia, hain zuzen. Laburragoa da, momentuz behintzat, fitxaketen zerrenda: Irati Olaizola azkoitiarra etxeko taldera itzuli da, eta Intza Paredes atezain azpeitiarra ere Barqueroren aginduetara ariko da denboraldi honetan.

Klubak jakinarazi du Irati Urbieta, Ane Varela, Kalare Olaizola, Nora Uzin, Iraia Urbieta, Nora Aranbarri eta Amaiur Iriondo etxeko jokalariak lehen taldeko jokalari izatera igaroko direla denboraldi berrian. Horiez gain, Irene Nogales eta Maren Ibarbia kadeteak ere talde nagusiarekin aritu dira lanean denboraldi aurrean.

Gizonek denboraldiaurreko azkena

Anaitasunaren gizonen talde nagusiak, berriz, denboraldiaurreko aurreneko garaipena (0-2) eskuratu zuen joan den astean Hirugarren Mailako Beasain taldearen aurka, hango Loinatz zelaian. Loren Barbadok zuzentzen duen taldeak, baina, oraindik ez du denboraldiaurrea amaitu; izan ere, Urola eta Ilintxa taldeekin batera Zumarraga-Urretxu hiruko txapelketa jokatuko dute Zumarragako (Gipuzkoa) Argixaon, etzi, larunbata.

Guztira, 45 minutuko hiru partida jokatuko dituzte han, eta Anaitasunari aurreneko biak jokatzea egokitu zaio. Hori horrela, 16:30ean hasiko dute lehia Barbadorenek, Legazpiko Ilintxa taldearen aurka. Bigarren partidari, berriz, lehena amaitu bezain pronto ekingo diote gorritxoek; 17:30ean, Urola etxeko taldearen aurka jokatuko dute eta. Azken partida, berriz, Urola eta Ilintxa taldeen artekoa izango da.

Gazte mailako Euskal Ligako taldeak ere asteburuan hasiko du liga txapelketa. Larunbatean, 16:30ean hasita, Gasteizko Ariznabarra taldearekin neurtuko dituzte gorritxoek indarrak, San Juan futbol zelaian.

Hona hemen Anaitasunaren emakumeen lehen taldea osatuko duten kideak:

Irudia: Anaitasuna

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide