Iraurgik larunbatean ekingo dio Espainiako Kopako lehiari

Iraia Oteiza 2024ko ira. 4a, 12:46

Iraurgiren eta Gipuzkoa Basketen arteko neurketa bat, iaz. (ISB)

Lehen, Bigarren eta Hirugarren FEB mailetako saskibaloi taldeak lehiatuko dira sortu berri duten txapelketan. Asteburuan hasiko da lehia, multzokako ligaxkarekin, eta Biele ISBk Gipuzkoa Basket izango du aurkari. Larunbatean jokatuko dute neurketa bi taldeek, 18:00etan, Azkoitiko kiroldegian.

Espainiako Saskibaloi Federazioak (FEB) txapelketa berria antolatu du 2024-2025 denboraldirako: Espainiako Kopa. Lehen, Bigarren eta Hirugarren FEB mailetako taldeak lehiatuko dira Printzesa Koparen lekua hartuko duen txapelketa horretan, ACBren azpitik dauden lehen hiru mailetakoak, alegia, eta Iraurgiren gizonen talde nagusia izango da lehiakideetako bat. Hain zuzen, asteburu honetan hasiko da txapelketa, multzokako ligaxken lehen jardunaldiarekin. Biele ISBk etxean ekingo dio Espainiako Kopari larunbatean, eta Gipuzkoa Basket izango du aurkari, 18:00etan, Azkoitiko kiroldegian.

Aipatutako mailetan ari diren 40 talde lehiatuko dira Espainiako Kopan, bosna taldeko zortzi multzotan banatuta. Biele ISB B multzoan ariko da, Lehen FEB ligako Gipuzkoa Basketekin, Oviedorekin eta Cantabriarekin, eta Bigarren FEBen aurkari duen Zornotzarekin batera.

Hasierako ligaxkako bost neurketak jokatu ondoren, multzo guztietako sailkapen buruak final laurdenetarako sailkatuko dira; abenduaren 23an jokatuko dituzte final laurdenetako joaneko partidak, eta 2025eko urtarrilaren 7an itzulerakoak. Azkenik, datorren urteko urtarrilaren 24an eta 25ean jokatuko duten lauko finalean erabakiko da Espainiako Koparen lehen irabazlea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide