Joanes Karrera: "Horma irudi bat margotu dudan lehen aldia izan da"

Iraia Oteiza 2024ko ira. 4a, 10:30

IƱigo Borda eta Joanes Karrera, horma irudiaren aurrean. (Floreaga ikastetxea)

Joanes Karrerak (Azkoitia, 2006) mural erraldoia margotu du Azkoitiko Floreaga ikastetxeko jolastokiko hormetako batean, Iñigo Borda artistarekin elkarlanean.

Nolatan sortu zen halako lan bat elkarlanean egitearen ideia?

Floreaga ikastetxean bi asmo zerabilzkiten buruan: batetik, mitologiari eta euskal kulturari lotutako proiektu bat gauzatzea, eta, bestetik, jolastokiari kolorea emateko zerbait egitea. Hori horrela, bi asmo horiek bateratu eta jolastokian euskal kulturari eta mitologiari buruzko horma irudi bat egitea erabaki zuten. Iñigo Borda eta biokin harremanetan jarri ziren ikastetxekoak, eta elkarlanean osatu dugu murala.

Aurretik horma irudi bat egina al zinen?

Borda ezagutzen nuen lehendik ere, bere Kattagorri Artea eskolan ikaslea izana bainaiz. Hala ere, horma irudi bat margotu dudan lehen aldia izan da, nire estreinaldia.

Eskerrak eman nahi nizkioke Bordari, proiektu honetan ere asko irakatsi didalako.

Zer moduzko esperientzia izan da aurreneko aldiz halako mural bat margotzea?

Esperientzia paregabea izan da. Hasieran askoz zailagoa izango zela pentsatzen nuen, baina guztia alde izan dudala esango nuke: Bordaren urteetako esperientzia, batetik; eta horma ona, gustuko marrazkia eta eguraldi paregabea, bestetik. Ez dago gehiago eskatzerik.

Mari eta Sugaar irudikatu dituzue Floreaga ikastetxeko horman. Zergatik pertsonaia horiek?

Pertsonaia mitologiko bat marraztu behar genuen, baina ikastetxetik adierazi ziguten emakume bat irudikatzea nahi zutela, feminismoaren alde hori ere landu ahal izateko. Mari baino indar handiagoa duen emakume gutxi egongo dira mitologia munduan, eta horrexegatik aukeratu genuen hura. Sugaar, berriz, umeengana gehiago hurbiltzeagatik aukeratu genuen, dragoi batek inpaktu handia eragiten duelako txikienengan.

Nolakoa izan da horma irudia osatzeko prozesua?

Aurrena zer marraztu erabaki behar izan genuen, kontuan izanda gure gustukoa izateaz gainera, ikastetxearen gogoko ere izan behar zuela. Hori horrela, marrazki ezberdinak egin genituen, konposizio ezberdinekoak, eta behin marrazkia aukeratuta, hori horman nola plasmatu pentsatzen hasi ginen.

Ondoren, eskala handira pasatzeko Bordak ezagutzen duen teknika bat erabili genuen, eta nahiko azkar amaitu genuen egin beharrekoa.

Azaltzerik ba al dago zer-nolako teknika den hori?

Hieroglifiko arraro batzuekin bete genuen pareta aurrena; gero, horma horri argazkia atera eta guk pentsatuta geneukan marrazkia gainean ipini genion, aplikazio batekin. Teknika horrekin erraz ikus daiteke elementu bakoitzak hormaren zein paretan joan behar duen. Adibidez, A letra marraztu eta dragoiaren begi bat hizki horren paretik igarotzen dela baldin badakigu, jada badaukagu erreferentzia bat. Datu hori izateak lana asko aurreratzen du.

Zenbat denboran osatu duzue lana?

Hiru marrazki egin genituen aurrena, bi egunetan, eta horietako bat izan zen aukeratua. Horman aurreneko pintzelada egin genuenetik, berriz, zazpi bat egun igaroko ziren lana osorik amaitzeraino; hori bai, goiz eta arratsalde lan eginda. Esan daiteke hasierako marrazkiarekin eta hormako lanarekin hamar bat egunean osatu genuela proiektua.

Nondik datorkizu marrazteko zaletasuna?

Txikitatik ibili izan naiz marrazten, betidanik gustatu izan zait horretan aritzea. Adierazpenerako modu bat da niretzat, eta atsegin dut ikusten dudana nire perspektibatik eta marrazkiaren bidez isladatzearen ideia hori.

Etorkizunera begira, baduzu beste horma irudiren bat egiteko asmorik?

Momentuz ez dut esku artean halakorik, baina gustatuko litzaidake halako beste proiektu batean parte hartzea. Udalak, ikastetxeren batek edota elkarteren batek proposatuz gero, atsegin handiz egingo nuke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide