Maileguan hartutako materiala itzultzeko kutxa jarri dute Aizkibel liburutegian

Andoni Elduaien 2024ko ira. 3a, 12:23

Liburutegirako sarreran jarri dute materiala itzultzeko kutxa. (Andoni Elduaien)

Liburutegia itxita nahiz irekita dagoenean erabili ahal izango dute erabiltzaileek maileguan hartutako materiala itzultzeko kutxa. "Zerbitzua hobetu" nahi izan du udalak liburutegirako sarreraren ondoan buzoia jarrita.

Maileguan hartutako materiala noiznahi itzultzeko aukera izango dute aurrerantzean Aizkibel liburutegiko erabiltzaileek. Udalak liburutegirako sarreraren ondoan kutxa bat jarri du erabiltzaileek liburutegitik hartutako liburuak, aldizkariak edota DVDak edozein garaitan bueltatu ahal izateko.

Erabiltzaileentzako "zerbitzua hobetu" nahi izan du udalak buzoia liburutegiaren atarian jarrita. "Liburutegia itxita dagoenean ere, bertatik hartutako materiala entregatzeko aukera izango dute herritarrek", azaldu du erakundeak. Dena den, liburutegia irekita dagoenean ere erabili ahal izango dute erabiltzaileek itzulketak egiteko kutxa, baina udalak jakinarazi du entregak ez direla momentuan erregistratuko, hurrengo egunean baizik.

Joan den astelehenaz geroztik, Aizkibel liburutegiak ohiko ordutegia berreskuratu du. Hain zuzen, astelehenetik ostiralera goizez eta arratsaldez egongo da zabalik, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Asteburuetan, berriz, larunbatetan bakarrik irekiko dute gunea, 10:00etatik 13:00etara bitartean; igandeetan, aldiz, itxita egongo da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide