Zabalik da udazkeneko Trebatzen lantegietan izena emateko epea

Andoni Elduaien 2024ko ira. 2a, 12:00

Makrame ikastaroa egiteko aukera izango dute haurrek datozen hilabeteetan.

Askotariko tailerrak eskainiko dituzte Elkargunean, urritik abendura bitartean. Gaur, astelehena, zabaldu dute lantegietan parte hartu ahal izateko izen-ematea. Aldiz, igande goizetako saioetarako izen-ematea urriaren 14an zabalduko dute.

Azkoitiko Udalaren Gazteria Sailak gaur, astelehena, ireki du udazkeneko Trebatzen lantegietan izena emateko epea. Urritik abendura bitartean eskainiko dituzte ordainpeko tailerrak Elkargunean, eta horien artean daude, Kodeka teknologia tailerra, pintura tailerra, makrame tailerra eta sukaldaritza tailerra. Aldiz, urriko eta azaroko lau igande goizetan arteterapia, brikolajea, makramea eta pintura saioak eskainiko dituzte, horiek ere ordainpekoak.

Tailerretarako izena Elkargunearen webgunean eman beharko da irailaren 15a baino lehen, baldin eta epe horretarako zehaztu dituzten plazak ez badira betetzen. Kodeka teknologia tailerra LH1 eta LH3 mailen arteko nahiz LH4 eta LH6 mailen arteko ikasleentzat eskainiko dute; pintura tailerra LH1 eta LH3 mailen arteko ikasleentzat; makrame ikastaroa LH3 eta LH6 mailen arteko ikasleentzat; eta azkenik, sukaldaritza ikastaroa —gazteleraz eskainiko dute— LH4 eta DBH2 mailako ikasleentzat. Hona hemen lantegiei lotutako informazio guztia:

  • Kodeka teknologia tailerra (LH1 eta LH3): urriaren 3tik abenduaren 19ra, ostegunetan, 17:15etik 18:45era.
  • Kodeka teknologia tailerra (LH4 eta LH6): urriaren 4tik abenduaren 20ra, ostiraletan, 17:15etik 18:45era. 
  • Pintura tailerra: urriaren 1etik abenduaren 17ra, astearteetan, 17:15etik 18:45era.
  • Makrame tailerra: urriaren 7tik abenduaren 16ra, astelehenetan, 17:15etik 18:45era. 
  • Sukaldaritza tailerra: urriaren 7tik abenduaren 16ra, astelehenetan, 17:15etik 18:45era. 

Aldiz, igande goizetako ordainpeko saioen artean antolatu dituzte arteterapia, brikolaje, makrame eta pintura saioka. Arteterapia saioa LH3-LH6 mailako ikasleentzat eskainiko dute, urriaren 30ean (10:00-13:00); brikolaje saioa LH3-LH6 mailetako ikasleentzat, azaroaren 3an (11:00-13:00); makrame saioa LH3-LH6 mailakoentzat, azaroaren 10ean (11:00-13:00); eta azkenik, pintura saioa LH1-LH3 mailakoentzat, azaroaren 17an (10:00-13:00). Igande goizetako saioetan parte hartu ahal izateko ere izena eman beharko da aurrez; urriaren 14an, astelehenez, zabalduko dute horretarako epea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide