Esperientzia 'Telurikoa' Aizpurutxon

Aitziber Arzallus 2024ko ira. 1a, 16:12

Soinua eta irudia uztartzen dituen esperientzia garaikidea bizitzeko aukera izan zuten atzo iluntzean Aizpurutxora bertaratu ziren hogeiren bat herritarrek. Irailaren 14an, berriz, ukitu mexikarra izango duen festa egingo dute auzoan.

Atzo iluntzean esperientzia Telurikoa bizitzeko aukera izan zuten Aizpurutxora bertaratu ziren herritarrek. Zer zen oso garbi ez zekitela azaldu ziren gehienak, hogeiren bat lagun, 20:00etarako jarritako hitzordura. Han ziren, besteak beste, ekitaldia antolatu zuten zenbait lagun, Gorka Larrañaga azkoitiarra, Azkoitian bizi den Michele Abrego mexikarra eta Karlos Ibarbia azpeitiarra, Telurikoa zer zen jakiteko irrikaz joandako herritarrei laguntzeko prest.  

Aurreneko lana entzungailuak eskuko telefonora konektatzea izan zen, esperientziaz behar bezala eta osoki gozatu ahal izateko. Behin denak prest zirenean, herrian zehar ibilalditxo bat egin zuten denek, antolatzaileek gidatuta: aurreneko geldialdia frontoian, bigarrena eskola zaharrean, hirugarrena San Agustin jatetxea zenaren alboan, laugarrena elizako atarian... Horietako bakoitzean, hormetan islatutako argazki zaharrak, dokumentuak, ilustrazioak eta beste hainbat eratako irudiak izan ziren protagonistak, denak ere auzoarekin lotutakoak, soinuarekin batera. Bizitzeko aukerarik izan ez zuenari azaltzeko nahikoa zaila den esperientzia garaikidea izan zen atzokoa. 

Telurikoa-ren ostean, musikarik eta jan-edanik ez zen falta izan, eta, besteak beste, ibilbidean zehar ikusitakoek gogora ekarritakoak izan zituzten hizketagai auzotarrek zein bisitariek.    

Irailaren 14an, jai mexikarra

Atzokoaz gain, Mexikoren Independentzia Eguna ospatzeko herri bazkaria ere egingo dute irailaren 14an, larunbatez. Urbasoko Marmarrak taldeak Donostiako Mexikadi Etxea elkartearekin batera antolatu du ekitaldi hori.

"Gaur egungo Aizpurutxoko biztanleriaren izaera berria —"latinoamerikarrak", antolatzaileen esanetan— kontuan hartuta" pentsatu dute jai mexikarra egitea, eta Azkoitiko biztanleei dei egin diete: "Azkoitiko biztanleei gonbidapena luzatu nahi diegu bazkarirako izena eman dezaten. Mexikoko janaria eta ohiturak ezagutzeko aukera aparta izango da". Bazkaritarako mugatutako kopurua izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta horretarako, 602 49 83 97 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidali beharko dute. Helduek 26 euro ordaindu beharko dute bazkaria, eta 11 urtetik beherakok, 17 euro. 14:30ean hasita egingo dute bazkaria, eta askotariko tako mexikarrak eskainiko dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide