Inazio Iriarte lehiaketako margolanak ikusgai daude Portaleburun

Aitziber Arzallus 2024ko abu. 31a, 16:08

Lehiaketan parte hartu zuten hamasei margolarien lanak erakusgai egongo dira Portaleburun, irailaren 8ra bitarteko ostiral, larunbat eta igandeetan.

Inazio Iriarte margo lehiaketaren 41. edizioko lanak erakutsiz ekin dio ikasturteari Portaleburu erakusketa aretoak. Abuztuaren 17an andremarietako Baserritarren Egunean egin zuten margo lehiaketan parte hartu zuten hamasei margolarien lanak atzotik ikusgai daude aretoan, eta halaxe egongo dir irailaren 8ra arte.

Lehiaketara aurkeztu zituzten margolanen artean onena Castro Urdialesko (Espainia) Alipio Ruanorena izan zela ebatzi zuen epaimahaiak. Bigarren saria Leioako (Bizkaia) Jose Reyesek eskuratu zuen, eta hirugarrena, Esteban Oroz eibartarrak (Gipuzkoa). Irabazleak 1.200 euroko diru saria jaso zuen, bigarrenak 900 eurokoa, eta hirugarrenak 450 eurokoa.

Atzo arratsaldetik hasita, lehiaketako lan guztiak Portaleburun egongo dira ikusgai: ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara, irailaren 8ra arte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide