Inazio Iriarte margo lehiaketako 41. edizioko lanak erakutsiz ekingo dio ikasturteari Portaleburu erakusketa aretoak. Abuztuaren 17an, andremarietako Baserritarren Egunean egin zen margo lehiaketan parte hartu zuten hamasei margolarien lanak egongo dira bertan ikusgai gaur hasi eta irailaren 8ra bitartean.
Lehiaketara aurkeztu zituzten margolanen artean onena Castro Urdialesko (Espainia) Alipio Ruanorena izan zela ebatzi zuen epaimahaiak. Bigarren saria Leioako (Bizkaia) Jose Reyesek eskuratu zuen, eta hirugarrena, Esteban Oroz eibartarrak (Gipuzkoa). Irabazleak 1.200 euroko diru saria jaso zuen, bigarrenak 900 eurokoa, eta hirugarrenak 450 eurokoa.
Gaur arratsaldetik hasita, lehiaketako lan guztiak Portaleburun egongo dira ikusgai: ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara, irailaren 8ra arte.