Baratzeko plangintza egiten ikasteko tailerra eskainiko dute astelehenean, Altamirako baratze parkean

Andoni Elduaien 2024ko abu. 28a, 08:06

Azkoitiko baratze parkea Altamiran dago. (Artxiboa)

18:00etan hasiko dute tailerra Altamirako baratze parkean, astelehenean. Furgobaratza zerbitzua ere eskainiko dute tailerrak irauten duen bitartean, eta horri esker, aholkuak eta landare zein hazi ekologikoen salmenta egingo dute.

Baratzeko plangintza egiten eta hango asoziazioak zein errotazioak nola antolatu ikasteko tailerra prestatu dute Azkoitiko Udalak, Kimubatek eta Kutxa Fundazioak datorren astelehenerako, irailak 2. 18:00etatik 19:30era bitartean egingo dute saioa Azkoitiko Altamira auzoan dagoen baratze parkean. Baratzeetako erabiltzaileek ez ezik, gainerako herritarrek ere parte hartu ahal izango du asteleheneko hitzorduan.

Era berean, Furgobaratza zerbitzua ere eskainiko dute, bertaratzen direnei baratzeko gaien inguruan aholkularitza eskaintzeko. Furgobaratza zerbitzu ibiltaria da, eta tutoretza nahiz produktu ekologikoen salmenta eskaintzen dute. Aisialdirako baratze publikoetan zehar mugitzeko sortu zuten zerbitzua, baita mota ezberdinetako ekitaldietan zein azoketan baratzegintza eta lorezaintza ekologikoa sustatzeko ere.

Hori horrela izanda, baratzezainei zalantzak argitzen laguntzen diete zerbitzua eskaini ohi duten aholkulariek, hala nola baratzeko landareen gaixotasunak, landaketa garaiak eta erabili beharreko ongarri kantitatea zein diren argituko dute astelehenean. Garaian garaiko landare eta hazien salmenta ere egingo dute, ahal dela bertako barietate ekologikoena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide