Denboraldia prestatzen jarraitzen dute Anaitasunaren lehen taldeek

Andoni Elduaien 2024ko abu. 24a, 13:38

Emakumeek aurkari gogorra izan dute gaur San Juanen. (Argazkiak: Andoni Elduaien)

Euskal Ligako emakumeek 0 eta 6 galdu dute San Juan zelaian, Realaren D taldearen aurka. Aldiz, Ohorezko Erregional Mailako gizonek bana berdindu dute Hirugarren Mailako Touring taldearen aurka, Txerloian. Datorren astean izango dituzte hitzordu gehiago bi taldeek. 

Anaitasuna futbol taldeak 2024-2025 denboraldia prestatzen jarraitzen du. Gaur, larunbata, klubeko lehen bi taldeek, gizonenak eta emakumeenak, denboraldiaurreko lagunarteko partidak jokatu dituzte etxean. Batetik, Loren Barbadok zuzentzen duen gizonen taldeak Errenteriako (Gipuzkoa) Touring taldearekin neurtu ditu indarrak Txerloia zelaian, eta bana berdindu dute. Bestetik, Mikel Barquerok zuzentzen duen Euskal Ligako emakumeek 0 eta 6 galdu dute, San Juan zelaian. 

Ia goitik behera itxura berritu den gizonen taldeak denboraldiaurreko hirugarren neurketa jokatu dute gaur, eta pixkanaka-pixkanaka maila hartzen ari direla erakutsi dute. Denboraldian zehar Ohorezko Erregional Mailan aurkari izango dituen Hernani eta Oiartzunen aurka galdu eta gero, gaur sentsazio hobeak erakutsi dituzte Touringen aurka bana berdinduta. Gorritxoak 1-0 irabazten hasi dira Txerloian errenteriarrek beraien atean egindako gol bati esker. Atsedenalditik bueltan, dena den, ezker hegaletik egindako erdiraketa-jaurtiketa batean berdindu dute bisitariek.

Emakumeek, bestalde, denboraldiaurreko aurreneko lehia jokatu dute. Realaren D taldea izan dute kontrario Barquerorenek, eta jipoi handia hartu dute, markagailuari dagokionean, behinik behin. 0 eta 6 hartu dituzte mendean txuri-urdinek gorritxoak. Realak atsedenaldirako erabakita utzi du kasik lagunartekoa; izan ere, lau gol egin dizkiete gorritxoei. Bigarren zatian, berriz, beste bi aldiz zulatu dute txuri-urdinek azkoitiarren atea. 

Gaurko neurketez gain, datorren sasoia prestatzen jarraitzeko hitzordu gehiago izango dituzte bi taldeek. Emakumeek, gainera, bi lehia izango dituzte datorren astean: batetik, asteazkenean (18:00), Antiguoko izango dute arerio, Txerloian, eta bestetik, larunbatean, Tolosan jokatuko dute ordu berean. Barbadoren gizonen taldeak, aldiz, larunbatean jokatuko du Beasainen (Gipuzkoa) Hirugarren Mailako Beasainen aurka. Hona hemen gizonen nahiz emakumeen denboraldiaurreko egutegiak, hurrenez hurren:

Gizonen taldea:

  • Abuztuak 31, 10:30ean, Beasaingo (Gipuzkoa) Loinatzen: Beasain-Anaitasuna.
  • Irailak 7: 16:30ean, Zumarragako (Gipuzkoa) Argixaon: Anaitasuna, Urola eta Ilintxa taldeen arteko hirukoa.

Emakumeen taldea:

  • Abuztuak 28, 18:00etan, Txerloian: Anaitasuna-Antiguoko.
  • Abuztuak 31, 18:00etan, Tolosako (Gipuzkoa) Usabalen: Tolosa-Anaitasuna.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide