Aitor Andreu azkoitiarra Thailandian izan da, Phuketen; hirugarren urtez jarraian joan da hara udako oporretan, entrenatzera. Aurten hiru aste egin ditu Power House Phuket gimnasioan entrenatzen. Han zegoela, profesionalekin entrenatzeko aukera eman zioten, eta egun batzuk geroago, borroka egiteko aukera eskaini. Horrenbestez, profesionaletan aritu da lehen aldiz azkoitiarra atzerrian, eta ondo baino hobeto joan zaio estreinaldia: izan ere, aurkaria K.O. uztea lortu zuen borrokaldian.
Muay thai modalitateko borroka abuztuaren 20an jokatu zuen Andreuk, Bangla Boxing Stadiumen. Azkoitiarraren lehen borroka profesionala izan zen egun hartakoa, eta horrek esan nahi du orain arteko borrokaldien iraupen ezberdina zuela. Hiru minutuko bost asalto izan ziren, babes materialik gabe –kaskorik nahiz zangoetako eta ukondoetako babesik gabe–, eta eskularru txikiagoekin aritu zen, zortzi ontzakoekin. Amateurren kasuan, bi minutuko hiru asalto izan ohi dira, eta babesarekin jokatzen dute borrokalariek; orain arte hala aritu izan da.
Andreuren aurkaria thailandiarra zen, 150 borroka inguru jokatutakoa guztira, eta azkoitiarrak hura K.O. utzi zuen lehen asaltoan. Aurkariak pare bat ostikada eman zizkion Andreuri, baina ondo gelditu zituen hark. Ondoren, boxeatzen hasi zirenean, ukondoarekin bota zuen azkoitiarrak thailandiarra, baina jaiki egin zen aurkaria; hala eta guztiz ere, eskuinarekin eta ezkerrarekin emandako golpe batzuen bidez, aurkaria K.O. uztea lortu zuen Andreuk.
Pisuaren arabera banatu ohi dituzte muay thai modalitatean kategoriak. Andreu 72 kilo da, eta beraz, pisu horri dagokion modalitatean aritu da Thailandian.