Plaza Ondo jubilatuen elkarteak abuztuan ezinbestekoa duen irteera egin zuen atzo, osteguna. Deba eta Aittola bisitatu zituzten egunpasan izena eman zuten 63 lagunek. Giro eta umore onean osatu zuten ibilaldia. Hain justu, 10:30ean abiatu ziren autobusez Debara Aizkibel liburutegiaren alboko autobus geralekutik, eta Gipuzkoako herri horretan igaro zuten goiz-eguerdia.
Debatik, berriz, 13:30ean atera ziren bazkaritarako asmoarekin; izan ere, Aittola-Zar jatetxean zuten bazkaria zain 14:00etan. Honako menu honetaz gozatzeko aukera izan zuten jubilatu azkoitiarrek: kroketak, paella, oilaskoa eta postrea. Giro eta umore ezin hobean igaro zuten eguna, eta bazkalostean dantzara ere animatu ziren zenbait lagun mahaitik altxatuta. Jose Luis Garmendia Laja II.a trikitilari azkoitiarrak eskaini zuen erromeria jubilatuentzat jatetxean.
(Argazkiak: Plaza Ondo elkartea)