Etzi jarriko dituzte salgai Internetez Baskoniaren eta Bilbao Basketen Euskal Kopako finala ikusteko sarrerak

Andoni Elduaien 2024ko abu. 24a, 08:54

Baskoniako eta Bilbao Basketeko jokalariak lehian. (Baskonia)

ISBk bere sare sozialetan jarriko ditu salgai Baskoniak eta Bilbao Basketek Azpeitian jokatuko duten ACB mailako Euskal Koparen finala ikusteko sarrerak. Hiru sarrera mota jarriko dituzte salgai: helduentzako kantxakoa, helduentzako harmailetakoa eta haurrentzako zein gazteentzako harmailetakoa.

Etzi, astelehena, jarriko dituzte salgai Baskoniak eta Bilbao Basketek irailaren 13an (20:00) Azpeitiko kiroldegian jokatuko duten ACB mailako Euskal Koparen finala ikusteko sarrerak. Sarrerak Internet bidez erosteko lotura ISBk argitaratuko du bere sozialetan astelehenean. "Hasiera batean, online bidezko sarrera salmenta izango da soilik", azaldu du klubak. Dena dena, eta sarrera guztiak saldu gabe gelditzen badira, "posible da" irailaren 9ko astean sarrerak kiroldegiko leihatilan ere saltzen jartzea. Kasu horretan aurrerago jakinaraziko luke klubak.

Hiru sarrera mota jarriko dituzte salgai etzi; helduentzako kantxako sarrera, helduentzako harmailetako sarrera eta 5-15 urte bitarteko haurrentzako zein gazteentzako sarrera —azken horientzako sarrera harmailetakoa izango da—. Helduen kantxako sarrerak 22 euro balio du; helduen harmailetako sarrerak, 18 euro; eta azkenik, haur zein gazteentzako sarrerak, 10 euro. 

Irailaren 13an, ostiralez, neurtuko dituzte indarrak Gasteizko eta Bilboko saskibaloi taldeek Azpeitian. Finala Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute, Iraurgi Saskibaloiaren 50. urteurrenari keinu eginez; izan ere, Euskal Saskibaloi Federazioak (ESF) Azkoiti-Azpeitiko klubari aitortza egingo dio egun horretan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide