Gizarte larrialdietarako laguntza 145 familiak jaso zuten iaz Azkoitian. Udalak adierazitakoaren arabera, 2023. urtean 187.745 euro banatu zituen udalak familia horien guztien artean laguntza horiek emateko. Dena den, erakundeak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzatik iritsi dela laguntza horren zenbateko handiena; hain justu, Jaurlaritzak 145.777 euro bideratu zituen Azkoitira joan den urtean, eta udaletik ia 42.000 euro.
Laguntza eskatzeko arrazoien artean aldaketak izan dira 2022ko eskaera motekin alderatuta; izan ere, alokairua eta oinarrizko gastuak ordaintzeko laguntza eskaerak izan dira behera egin dutenak. Aldiz, energia eta mantenu gastuei lotutako laguntza eskaeren kopurua izan da igo dena.
145 bizikide unitateri eman zien udalak laguntza, 414 pertsonari zehazki. Laguntza jaso duten familia unitateei dagokienez, adin txikikoen kargura dauden familiak izan dira gehienak; guztira, 64. Aldiz, pertsona bakarrak osatutako unitateak 43 izan dira, pentsiodunak 30, eta azkenik, 27 bestelako unitate bateko kideek osatutakoak.