Anaitasunaren talde nagusiek denboraldiaurreko partidak jokatuko dituzte bihar eta larunbatean

Andoni Elduaien 2024ko abu. 21a, 09:22

Hernaniren aurkako partidan gizonen taldea gola ospatzen. (Anaitasuna)

Anaitasunaren bi talde nagusiak andremarien aurretik hasi ziren entrenatzen, baina festetako etenaren ondoren, aste honetan lagunarteko partidak jokatuko dituzte. Gizonek, Oiartzun eta Touring jasoko dituzte bihar eta zapatuan, Txerloian, eta emakumeek, larunbat goizean, Realarekin neurtuko dituzte indarrak, San Juanen.

Andremariak igaro eta gero, Anaitasunaren gizon-emakumeen taldeak entrenamenduetara itzuli dira; izan ere, denboraldiari ekiteko atzera kontaketa martxan jarrita dute honezkero bi taldeek. Aste honetan bertan lagunarteko neurketak jokatuko dituzte Loren Barbado eta Mikel Barquero entrenatzaileen taldeek: bi lehia gizonek eta bat emakumeek.

Gizonek, ostegunean, denboraldiaurreko bigarren lagunarteko neurketa jokatuko dute. Andre Maria bezperan Hernaniren aurka 1 eta 2 galdu ondoren, Ohorezko Erregional Mailako Oiartzun izango dute aurkari bihar, Txerloia belar naturaleko zelaian (19:00). Larunbat goizean, berriz, Espainiako Hirugarren Mailako Touring izango dute kontrario, Txerloian (11:00). Euskal Ligan jokatuko duten emakumeek, bestalde, Realarekin neurtuko dituzte indarrak larunbatean, San Juan belar artifizialeko zelaian (11:00). Realaren laugarren taldea izango dute aurkari Barqueroren jokalariek.

Partida horiez gain, datorren denboraldia prestatzen jarraitzeko hitzordu gehiago ere badituzte hitzartuta bi taldeek. Hona hemen gizonen nahiz emakumeen egutegiak, hurrenez hurren:

Gizonen taldea:

  • Bihar, abuztuak 22, 19:00etan, Txerloian: Anaitasuna-Oiartzun.
  • Abuztuak 24, 11:00etan, Txerloian: Anaitasuna-Touring.
  • Abuztuak 31, 10:30ean, Beasaingo (Gipuzkoa) Loinatzen: Beasain-Anaitasuna.
  • Irailak 7: 16:30ean, Zumarragako (Gipuzkoa) Argixaon: Anaitasuna, Urola eta Ilintxa taldeen arteko hirukoa.

Emakumeen taldea:

  • Abuztuak 24, 11:00etan, San Juanen: Anaitasuna-Reala 'D'.
  • Abuztuak 28, 18:00etan, Txerloian: Anaitasuna-Antiguoko.
  • Abuztuak 31, 18:00etan, Tolosako (Gipuzkoa) Usabalen: Tolosa-Anaitasuna.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide