Burdinoleta kaleko eguneko zentroa urte amaierarako prest izatea aurreikusten du udalak

Andoni Elduaien 2024ko abu. 20a, 09:43

Eguneko zentroa egokitzen ari dira Jausoro auzunean. (Udala)

Azkoitiko Jausoro auzunean, Burdinoleta kalean, kokatuko dute eguneko zentro berria, eta urte honen amaierarako lanak amaituta izatea espero dute bai udalak, bai aldundiak. San Jose egoitzan, bestalde, Unitate Psikogeriatrikoa eraberritzen ari dira, eta horko lanak datorren urteko martxorako amaituta izango dituztelakoan daude udal eta foru erakundeak.

Azkoitiko Udalak Kontzejupetik aldizkarian jakinarazi duenez, Burdinoleta kalean egokitzen ari diren eguneko zentro berria prest izango da urte honen amaierarako. Maiatzaren erdialdean hasi zituzten lanak kale horretako lokal batean; izan ere, erakundeak bi lokal erosi zituen Jausoro auzuneko kale horretako eraikinean, San Jose egoitzako zentrotik Burdinoleta kalera lekualdatzeko asmoz. 

Gipuzkoako Foru Aldundia ari da obrak gauzatzen, eta udalak adierazi duenez, aldundiak berak finantzatu du lokalen erosketaren %65; guztira, ia 295.700 euro. Era berean, aldundiak erosi du eguneko zentroan zerbitzua eman ahal izateko ekipamendu guztia ere, horretarako 600.000 euro aurreikusiz. Azkoitiko Udalak, bere aldetik, lokalaren erosketaren %35 ordaindu du, alegia 159.000 euro pasatxo.

Burdinoleta kalean zabalduko duten eguneko zentroak 30 plaza izango ditu aurrerantzean, egun San Jose egoitzan dituena baino hamar plaza gehiago, hain justu. "Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala, Azkoitian ere errealitate gordina da biztanleriaren zahartze tasa altua. Horrek gizartearen aldaketa nabarmena dakar, eta erronka berrien aurrean jartzen gaitu", azaldu du udalak Kontzejupetik-en. Mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonek "zaintza eta laguntza" behar dituztela nabarmendu du erakundeak. "Etxean ez bada, etxean bezala sentiaraziko dituzten zerbitzuak eta espazioak ahalbidetu behar dira; horrez gain, berebiziko garrantzia du zahartzaro aktiboa sustatzeak eta horretarako baliabideak eskaintzeak". Horren aurrean, "egoitza ereduaren trantsizioa martxan" du aldundiak, udalak dioenez.

Burdinoleta kalean ari dira egokitzen eguneko zentro berria. (Udala)

Unitate Psikogeriatrikoa eraberritzen

Bestalde, San Jose egoitzan Unitate Psikogeriatrikoa eraberritzeko lanak ari da gauzatzen aldundia. Iazko urtearen amaieran hasi zituzten 3.059.553 euroko aurrekontua duten obrak. Hamabost hilabeteko gauzatze epea dute lanek, eta hori horrela izanda, datorren urteko martxorako Unitate Psikogeriatrikoa erabilgarri izatea aurreikusi du foru erakundeak. "Martxa onean" doaz lanak, udalak esandakoaren arabera.

Egoitzako gune horren eraberritzea "integrala" izango dela azpimarratu du udalak. Birmoldaketa eginda, "zaintza eredu berrira" egokitutako hamabost plazako unitatea eraikiko dute, banakako logelekin eta bainugela propioarekin. "Zaintza eredu berrirako trantsizioan emango diren aurrerapenak dira bai eguneko zentroaren kokapen berria, bai San Jose egoitzan gauzatzen ari diren Unitate Psikogeriatrikoaren eraberritze intregrala", azaldu du udal erakundeak Kontzejupetik-en.

San Jose egoitzan ari dira Unitate Psikogeriatrikoa eraberritzen. (Udala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide