Azken urteotan ohikoa bihurtu den gisan, bi txupinazo botata hasi dira andremariak. 11:00etan San Martinen bota dute aurrena, Azkoitiko Gazte Asanbladak antolatutakoa, eta aurten, Oinarrizko Produktuen Biltegiko kideak izan dira festei hasiera eman dien suziria aireratzeko ardura izan dutenak. Azaldu dute pandemi garaian jarri zutela biltegia martxan, eta bost urte geroago, lanean jarraitzen dutela, haren beharra geroz eta handiagoa delako. Uneotan 240 herritarri laguntzen diete, baina esan dutenez, gehiagok ere hartuko lukete laguntza, eta zentzu horretan, erakundeen jarrera salatu dute, familia horiek bazterrean uzteagatik. Txupinazoa botata, kalejiran jaitsi dira herrira, eta 12:00etarako plazan beren lekua hartu duten, beren aldarrikapenak txupinazo ofizialaren garaian ikusarazteko.
Ordurako, 11:45 alderako, betetzen hasia zen plaza, baita udaletxeko pleno aretoa ere. Aurten udalak jaien antolakuntzan aktiboki parte hartu duten herriko eragileei eman nahi izan die txupinazoa botatzeko aukera, eta eragile horietako askoren ordezkariei udaletxean egin diete harrera. Ana Azkoitia alkatea haiei guztiei zuzendu zaie aurrena: "Zuek gabe ez litzateke festarik egongo, edo beste erabatekoak izango lirateke. Eskerrik asko egiten duzuen ekarpenagatik”. Horrez gainera, festez gozatzera gonbidatu ditu guztiak: "Urtero ospatuko dira andremariak, baina aurtengoak ez dira errepikatuko; beraz, gozatu une hauek. Gora bihotzak, gora Azkoitia eta gora andremariak". Jarraian, udaletxeko balkoira atera da alkatea, eta bertan zain zituen herritarrei zuzendu zaie. Ilusioz eta gogotsu entzun dituzte herritarrek Azkoitiaren hitzak, eta behin suziria botata, festa giroa nagusitu da plazan zein inguruko kaleetan barrena.
Aipatzekoa txupinazoaren unea aldarrikapenak plazaratzeko une bihurtu dela zenbaitentzat, plazan ikus baitzitezkeen Merkal oinetako dendako langileen pankarta, Gora borroka feminista zioen beste bat, euskal presoen eskubideen aldeko hainbat eta baita Azkoitiko Gazte Asanbladakoena ere, Politika egiteko baldintzak bermatu leloarekin.
Gainera, gazte asanbladakoek jakinarazi dute etzi, abuztuak 16, bazkaria egitekoak direla txosnagunean, paella jana hain justu, eta gazteei animatzeko deia egin diete. Inork joateko asmorik balu, asanbladako edonori jakinarazteko eskatu dute, nahiz eta izena ematea ez den derrigorra.
Behin txupinazoa botata, bandak, txistulariek, erraldoiek eta buruhandiek hartu dute jaien lekukoa, eta festak ez du etenik izango datorren astelehen goizaldera arte.
Egitaraua
Azkoitiko Gazte Asanbladak berea jakinarazi eta ordu batzuetara zabaldu du Azkoitiko Udalak aurtengo andremarietarako prestatu duen jai egitaraua. Hona hemen, bi egitarauek uztartuta aurtengo andremarietan eskainiko dutena:
Abuztuak 14, asteazkena. Andre Maria bezpera
- 17:00. DJen pintxada, txosnagunean: Munizzio, Murxi, Porru b2b Suupe, Anthony Pern, Kintana eta Albi.
- 17:00. Haur parkea, Balda plazan.
- 19:00. Rockalean kale ikuskizuna.
- 19:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
- 20:00. Azkoitia 700 dela eta, Parrokiako Abesbatzak Te Deum-a abestuko du. Ondoren, herritarrek Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea eta Aita Nemesio OtanĚoren Ave Maria abestuko dituzte parrokian, zazpi eta bost ahotsetara, hurrenez hurren.
- 23:00. Nogen taldearen kontzertua, herriko plazan.
- 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko eta genero erasoen aurkako babesgune zerbitzuak, parrokiaren aurrean.
Abuztuak 15, osteguna. Andre Maria eguna
- 09:30. Zubiondo Gaiteroak taldearen kalejira.
- 10:00. Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kalejirak.
- 10:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara, Txalkor txistulari taldeak eta Musika Bandak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
- 11:00. Meza nagusia.
- 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Zubiondo Gaiteroak taldearekin.
- 13:00. Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua, Kontzejupean.
- 17:00. Pilota partidak, Gurea pilotalekuan. Caixabank Masters txapelketako partidak jokatuko dituzte: batetik, Elordi eta Gabirondo Egiguren V.aren eta Tolosaren kontra, eta bestetik, Peña eta Zabaleta, Zabalaren eta Imazen aurka.
- 17:30. Simulagailuak eta Txiki Chef, plazan.
- 19:00. Magia poteoa.
- 19:30. Davila DJa, Balda plazan.
- 20:00. Azkoitiko gimnastika erritmiko taldearen erakustaldia, parrokiaren aurrean.
- 20:00. Zubiondo Gaiteroak taldearen kalejira.
- 20:30. Kontzertuak txosnagunean: Igitaia, Labankada, Iltze, Bellum eta Wanoska.
- 23:00. I Love 80's taldearen kontzertua, plazan.
Abuztuak 16, ostirala. San Roke eguna
- 09:30. Zubiondo Gaiteroak taldearen kalejira.
- 10:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
- 10:50. Udal ordezkarien korporazioa parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
- 11:00. Meza nagusia.
- 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira.
- 12:15. Ohiko aurreskua, plazan.
- 13:00. Udal Musika Bandaren eta Zubiondo Gaiteroak taldearen kontzertua, Kontzejupean.
- 14:30. Bazkaria, txosnagunean.
- 17:00. Ur parkea, Balda plazan.
- 18:30. Elektrotxorongo elektrotxaranga.
- 19:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen kalejira.
- 23:00. Suzko erroberak, Vulcano etxearen eskutik.
- 23:30. Esne Beltza taldearen kontzertua, plazan.
- 00:00. Zugar Babyz DJa, txosnagunean.
- 01:30. Txumba, txosnagunean.
- 02:00. Anti-X DJa, txosnagunean.
Abuztuak 17, larunbata. Baserritarren Eguna
- 09:00etatik 10:00etara. Azkoitiko Kultur Elkartearen XLI. Inazio Iriarte margo lehiaketarako zigilu jartzea, Portaleburu erakusketa aretoan. Lanak 14:00etatik 15:00etara bitartean jasoko dituzte toki berean.
- 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
- 09:30. Ganadu erakusketa, Plazaberrin.
- 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
- 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
- 12:00. Herri kirol jaialdia, plazan.
- 12:30. Jubilatuen meza, parrokian.
- 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Bertan, aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
- 17:30. Kulki herri kirolen jolasgunea plazan.
- 18:00. Bikote Helduen Dantza Suelto Txapelketa, Balda plazan.
- 18:00. Mus txapelketa txosnagunean.
- 19:00. Deiadar txaranga, herriko kaleetan.
- 19:30. XLI. Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa, Portaleburun. Jarraian, Juan Mari Arrizabalagaren liburuaren aurkezpena.
- 22:00. Film Laburren XII. Lehiaketaren lanen emanaldia eta sari banaketa, plazan.
- 23:10. Hauek taldearen kontzertua, plazan.
Abuztuak 18, igandea. Kuadrillen Eguna
- 11:00. Atletismo saioa, Balda plazan. Ondoren, XXII. Andremarietako Milia eta XXI. Kale Atletismo Erakustaldia, Xeye atletismo taldeak antolatuta.
- 12:00. UK03 txaranga, herrian zehar.
- 14:30. Herri bazkaria, plazan.
- 16:30. Brincadeira batukadaren Merograde ikuskizuna, kaleetan.
- 17:30. Apar festa, Balda plazan.
- 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
- 19:30. UK03, herrian zehar.
- 20:00. Erromeria txosnagunean, Kitziki taldearekin.
- 21:30. Gozategi taldearen kontzertua, plazan.
- 22:00. Kontzertuak txosnagunean: Ukabil, Inoiz Ez eta Check Boyz.
- 00:00. Suzko zezena, herriko plazan.
- 00:15. Brincadeira batukadaren Glowdrums ikuskizuna, kaleetan.
- 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko eta genero erasoen aurkako babesgune zerbitzuak, parrokiaren aurrean.
Abuztuak 19, astelehena
- 22:00. XIV. Diva-Sat idi dema saria, Gurea pilotalekuko probalekuan.