Leihotik begiratuta ematen ez badu ere, udan sartu garela dio sukaldeko paretean dagoen egutegiak. Sanjoanak ere igaro berri dira udari ongietorria emateko suaren bueltako dantza eta guzti, nahiz eta aurtengoan lanbropean eta txirrist egiteko beldurrez jardun behar izan duten plazara ateratzeko konpromisoa hartua zuten dantzariek. Eguzkiak halako batean asmatuko ote du gainean dugun laino txapela zulatzen? Bestela nola errenditu ia hiru hilabeteko oporrak hartu berri dituzten mukizuak... Hala ere, gogorregi ere ez dezala jo, bero itogarria lanerako lagun txarra baita, eta jendez lepo betetako hondartzara edo igerilekura joatea baino plan nekagarriagoak gutxi baitaude. Tokitan dago oraindik abuztua, eta harekin bi edo hiru asteko oporrak iritsi bitartean, lana eta familiako betebeharrak nola edo hala uztartzeko mirariak egiten jarraitu beharko dugu. Baina ondo pentsatzen jarrita, oporrak zertarako? Merezi al du ba bi hilabeteko soldata xahutzeak alemanez eta ingelesez estalitako mediterraneoko hotel batean astebete egiteko? Autoan zortzi orduko bidaia harakoan, beste horrenbestekoa honakoan, eguneko 24 orduak familiari lotuta pasatzeko eta halamoduzko otorduak eginez. Azkenean, deskantsatuta bueltatu beharrean, neka-neka eginda etxera, eta atzera lanera, maletak husteko ere ia astirik gabe. Gainera, umeek artean oporretan jarraituko dute, eta ikasturtea hasita ere, iraila bukatu arte goizez bakarrik izango dute eskola; urrira arte oporretan baleude bezalaxe, beraz. Eta guk bururik altxatu gabe jardun beharko dugu ia beste urtebetez, datorren uda noiz iritsiko zain.
Guri ere laster iritsiko zaizkigu oporrak, eta bakoitzak egin dezala nahi duena
Honaino iritsi zareten irakurleoi, zorionak, ez daukazue meritu makala. Neuri astuna egin zait idaztea, eta ez dut pentsatu ere egin nahi zer izan behar duen, eguna joan eguna etorri, horrela bizitzeak. Nekagarria bai, gutxienez; norberarentzat batez ere, baina baita ingurukoentzat ere. Ez pentsa neu ere dena arrosa koloreko, polit eta eder ikusten duten horietakoa naizenik. Beste muturra litzateke hori, eta ez dut uste hori ere posible denik. Baina zuriaren eta beltzaren artean, badira grisak ere. Prezio berean, ez al da eramangarriagoa edalontzia erdi beteta ikustea, erdi hutsik ikustea baino? Pixka bat kostatu zaion arren, eguzkiak keinuren bat egin baitigu azken egunotan, kafe orduko hamar minutuak goxatuz. Ikasturte guztia ordulariaren mende bizi behar izan duten haurrek eta gazteek merezi dute goizetan lo lasai egiteko aukera, eta zer plan hoberik lagunekin kalean, hondartzan edo igerilekuan orduak eta orduak igarotzea baino, edo festarik festa, edozein herritako jaixetan. Guri ere aurki iritsiko zaizkigu oporrak, eta bakoitzak egin dezala nahi duena edo ahal duena, eta orduak egonean egoten eta ezer produktiborik egin gabe igarotzea nahi duenak, halaxe egin dezala, aukera hori izatea luxua izan baitaiteke batzuentzat. Uda ona izan dezazuela denok!