San Martingo aparkaleku arazoa landuko du udalak biharko udalbatzarrean

Ane Olaizola 2024ko uzt. 29a, 12:11

Azkoitiko udaletxea.

Azkoitiko Udalbatzak ez ohiko bilkura egingo du bihar goizean, eta San Martin auzoko hainbat bizilagunek egindako eskaera izango du hizpide. Kreditu aldaketak zein festetan gerta daitezkeen indarkeria matxista kasuen aurrean udalak izan beharreko erantzuna dira uztaileko udalbatzarreko beste puntuetako bi.

Azkoitiko Udalak ez-ohiko udalbatzarra egingo du bihar goizean, asteazkena jai eguna izanik, egun bat aurreratu dutelako uztaileko bilkura. 09:00etan hasiko da saioa, eta askotariko gaiak jorratuko dituzte udal ordezkariek. Besteak beste, azken hilabeteetan San Martin auzoko hainbat bizilagunek salatu izan duten aparkaleku arazoa jorratuko dute udalbatzarrean, eta horretarako sortu duten batzordeak egindako eskaera eztabaidatuko dute galde-erreguen tartean.

Horrez gain, hainbat kreditu aldaketa izango dira udalbatzarrean, eta jaietan gerta litezkeen indarkeria matxista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko jarraibideak onartzea izango da beste puntuetako bat.

Hona hemen biharko udalbatzarrean jorratuko dituzte puntu guztiak:

  • Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
  • 10 H.E. Txalonerreka ekialdea esparruko 10.1.C subpartzelaren Xehetasun Azterketaren behin betiko onespena.
  • Telelana arautzeko erregelamenduaren hasierako onespena.
  • 1/2024 konpromiso kredituen espedientearen onespena.
  • Azkoitiko udalerriko kale garbiketa zerbitzua kontratatzeko jardunbideari hasiera ematea.
  • 2023ko Azkoitiko Udala, Zubiaurre-Elkargune Institutua, San Jose Egoitza eta Azkoitia Lantzen, S.A.-ren kontu orokorren eta kontu kontsolidatuaren onespena.
  • Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko 3 zenbakidun espedientearen onespena.
  • Kreditu transferentzien bidez kredituak aldatzeko 7 zenbakidun espedientearen onespena.
  • Azkoitiko Udalaren VII. plangintzaldirako euskararen erabilera planaren onespena.
  • Jaietan indarkeria matxista kasuen aurrean erantzun publiko instituzioanla emateko jarraibideen onespena.
  • 2023 ekitaldiko finantza barne kontroleko urteko txostenaren berri ematea.
  • 2023 ekitaldian udal kontu hartzaileak planteatutako eragozpenen txostenen, txosten teknikoen eta horiek ebazten dituzten alkatearen ebazpenen berri ematea.
  • Behin betiko onespenen berri ematea.
  • Aurrekontuari buruzko informazioa.
  • Galde-erreguak. San Martingo aparkalekuen batzordeak egindako eskaera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide