Larunbatean, 52. Azkoitiko Txikito pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte Gurea pilotalekuan. 10:00etan hasita, orotara bost partida ikusteko aukera izango da herriko frontoian: aurrebenjaminen final bat, eta benjaminen zein alebinen bina final.
33 bikotek ekin zioten lehiari joan den hilean, baina txapelketako hamar bikote onenek lortu dute finalerako bidea egitea, eta larunbat goizean jokatuko dituzte lehiak. Aurrebenjaminen mailan, Julen Barrenak eta Aimar Azkunek osatuko dute finaleko bikote bat, eta Mattin Azkargortak eta Ekain Segurolak bestea. Benjamin B mailako finalean Nahia Astigarraga eta Eki Elorza arituko dira alde batetik, eta Aner Zabaleta eta Denis Aranguren bestetik. Aldiz, benjamin A mailan, Lur Juaristi eta Adur Arzamendi bikoteak Eneko Martija eta Eiden Galarraga bikotea izango du aurkari.
Eguneko laugarren finala, berriz, alebin B mailakoa izango da. Eki Larrañaga eta Aimar Iturralde zein Ian Juaristi eta Ekaitz Astigarraga izango dira finaleko bi bikoteak. Azken finala izango da alebin A mailakoa, eta Ekain Juaristik eta Xanet Aranak, Oihan Mendizabalen eta Denis Santosen aurka jokatuko dute.