Gimnastika, dantzak eta omenaldiak, Zubiberriren ikasturte amaierako jaialdian

Andoni Elduaien 2024ko eka. 20a, 13:14

Azkoitiko Zubiberri gimnastika erritmiko taldeak ikasturte amaierako jaialdia eskaini zuen atzo, asteazkena, Elkargunean. Klubeko gimnasta guztiek, denera 86k, parte hartu zuten ikuskizunean, eta 31 ariketa egin zituzten, taldeka zein banaka. Agurreko omenaldia ere egin zioten Lourdes Muñoz entrenatzaileari.

Zubiberri gimnastika erritmiko taldekoek 2023-2024 ikasturte amaierako jaialdia eskaini zuten atzo, asteazkena, Elkarguneko kantxa nagusian. Urte bezala, harmailak goraino bete zituzten bai etxekoek bai herriko gimnasten trebeziak ikustera hurbildu ziren herritarrek. Amaitzear den ikasturtean ikasitako pausoak eta dantzak erakutsi zituzten klubeko haurrek, gazteek eta helduek.

Atzoko emanaldirako prestatutako taldekako hainbat koreografiak eta txapelketetan lehiatzen diren Zubiberriko gimnastek banaka egindako ariketek osatu zuten jaialdia. Nabarmentzekoa da, aurten zenbait kidek Gipuzkoako nahiz Euskadiko txapeldun eta txapeldunorde izatea lortu dutela. Guztira, 86 gimnastek zapaldu zuten kantxa, eta 31 ariketa egin zituzten, bai taldeka eta bai banaka. Gainera, jaialdirako preseski prestatutako dantza koreografiak ere eskaini zituzten.

Omenaldia Muñoz entrenatzaileari

Amaieran, ohi bezala, diplomak banatu zizkieten Zubiberriko ordezkariek ikasleei, eta taldeko arduradunek ikasleen esker oneko oroigarriak ere jaso zituzten, tartean lore sorta eta opari bat. Festa ez zen orduan amaitu, ordea; izan ere, agur kutsua ere eman nahi izan zioten Zubiberrikoek atzoko jaialdiari bukaeran Lourdes Muñoz entrenatzaileari agurreko omenaldia egiteko.

1998tik gaur arte izan da Muñoz Zubiberriko entrenatzailea, eta klubean lagun eta ikasle izandakoek omenaldia egin zioten ezustean. 26 urtez izan da Zubiberriko kide Muñoz; azken urte luzeetan, gainera, herriko txikiei eta ez horren txikiei gimnastika erritmikoaren xarma irakasten aritu da hura. Horregatik guztiagatik, dantza eta koreografiekin eskertu zioten azkoitiarrari Zubiberrin egindako lana. Halaber, bere ilobek ere oparia egin zioten ezustean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide