Hilero moduan, Isilune Zirkulua egingo dute bihar, osteguna, herriko plazan. Oraingoan saharar herriaren askatasuna aldarrikatuko dute 20:00etan bertan elkartzen direnek, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna horretarako baliatuz.
"Sahararrek 49 urte daramatzate errefuxiatuta, Tindufeko basamortuan bizirauten, Aljeriako lurretan. Beste saharar batzuk, aldiz, Marokok okupatutako lurraldeetan daude, errepresio etengabea jasaten. Arrazoi ugari ditugu saharar herriari gure elkartasuna adierazi eta beraien egoera gordin eta ankerra salatzeko", adierazi dute egitasmoko kideek. Hori horrela, "sahararren egoera ikusarazteko" eta "autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatzeko" baliatuko dute biharko Isilune Zirkulua.
Isilune Zirkuluaren helburua da mundu mailako "giza eskubide urraketak" salatzea eta horretarako "gizatasuna plazara" ateratzea. Elkarretaratzeak hileko hirugarren ostegunetan egiten dituzte, hilero salaketa ezberdin bat plazaratuz. Ohiko moduan, plazan elkartzen direnek zirkuluan birak emango dituzte, isilik, eta zirkulu horren erdian gaiari lotutako objektuak jarriko dituzte. Azkenik, mezu bat irakurriko dute, eta herritarrei informazio orriak banatuko dizkiete. Egitasmoko kideek herritar oro animatu dute elkarretaratzean parte hartzera.