Klima aldaketak eta energia trantsizioak dakartzan erronkei erantzun nahian, Klima eta Energiaren Ekintza Plana diseinatzeko prozesuan murgilduta dago Azkoitiko Udala. Dagoeneko barne mailan ekintza planaren lanketa bat egina duen arren, herritarren ikuspegia jaso nahi du orain, edukiak haiekin ere landu ahal izateko. Horretarako, Ingurumen Mahaiarekin lankidetzan, parte hartze saioa deitu du asteazkenerako. Elkarguneko Intsausti aretoan izango da bilera, 18:30ean, eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera.
Zehaztuko duten planak 2030 urtera begirako helburuak eta helburu horiek lortzeko ekintza ezberdinak jasoko ditu, Azkoitiko herriaren ezaugarriak eta dituen aukera ezberdinak aintzat hartuz. Bertaratu nahi izanez gero, aurrez baieztatzea eskertuko luke udalak, 943-85 71 76 telefonora deituta edo komunikazioa@azkoitia.eus helbidera idatzita.