VI. Goilurrak Rallya, abian

Iraia Oteiza 2024ko eka. 15a, 09:00

08:00etan ekin diote lasterketari, baina probaren inguruko festa atzo hasi zen Azkoitian, autoen egiaztapenak eta aurkezpenak herrian egin baitzituzten.

Hasi da Goilurrak Rallyaren seigarren edizioa. Azkoitia eta Lazkao (Gipuzkoa) artean jokatuko dute proba, zortzi erlojupekotan banatuta. Goizeko 08:00etan ekin diote lasterketari, baina festa atzo arratsaldean hasi zen Azkoitian.

17:00etatik aurrera egiaztapen teknikoak egin zituzten eliz atarian, eta ondoren auto guztiak plazan egon ziren ikusgai, 20:30era bitartean. Ordu horretan Plazaberrira joan ziren, eta banan-banan rallyan parte hartuko duten auto guztiak aurkeztu zituzten herritarren aurrean. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, jendetza bildu zen aurkezpen ekitaldian.

Behin aurkezpenak eginda, gaur jokatuko dute proba. Aurreneko parte hartzaileak 08:00etan atera dira Azkoitiko Oinartxo industrialdetik, Mandubian barrena lehen erlojupekoa jokatzeko. Handik Mutiloa eta Zerain (Gipuzkoa) arteko errepidera lekualdatu dira, hurrengo erlojupekoa osatzeko. 

Arratsaldean, aldiz, Urolara gerturatuko da lasterketa. 15:30ean eta 17:55ean Zestoa eta Azkoitia artean jokatuko dituzte erlojupekoak, eta 15:55ean eta 18:20an Azkarateko bide zaharrean. Probak amaitzean, Plazaberrin egingo dute sari banaketa. 

Orotara 60 ibilgailu ari dira lehian; horietatik hamabost eskualdekoak dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide