Zientzia eta Teknologia Azoka egingo dute asteazkenean Azpeitiko plazan

Nerea Uranga 2024ko eka. 10a, 15:35

Urola Erdiko ikastetxeetako ikasleeek parte hartuko dute Zientzia eta Teknologia Azokan.

Urola Erdiko seigarren Zientzia eta Teknologia Azoka egingo dute asteazkenean, 10:30etik 13:00etara Azpeitiko plazan, Iraurgi Berritzenek sustatuta. ZIMAT Urola Erdian egitasmoaren helburua bailarako ikastetxeetako ikasleengan zientzia, teknologia eta ikerketarako zaletasuna bultzatzea da.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak sustatuta, Urola Erdiko seigarren Zientzia eta Teknologia Azoka egingo dute asteazkenean, ekainaren 12an, Azpeitiko plazan. 10:30etik 13:00etara bitartean, eskualdeko bost ikastetxetako ikasleek –Azpeitiko Urola Ikastola, Iraurgi Ikastetxea nahiz Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Azkoitiko Floreaga Ikastetxea zein Azkoitia BHI– ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte herritarren aurrean.

Zaletasunak eta gaitasunak sustatzeko ZIMAT –Zientzia, Ingeniaritza, Matematika, Artea eta Teknologia– proiektua du Iraurgi Berritzenek, eta duela urte batzuk identifikatutako beharrei erantzuna ematea da egitasmoaren helburu nagusia. Proiektuaren barruan, ikasleek zientzia nahiz teknologia arloko erronka ezberdinak landu dituzte, eta hainbat proiektu garatzeko, arlo ezberdinetako ikerlariekin zein profesionalekin egoteko aukera izan dute. Era horretan, ikasleek proiektuak garatu dituzten eremuetako errealitatea hurbiletik ezagutu dute.

Urola Erdiko garapen agentziak eskualdeko eragileen parte hartzea nahiz lankidetza bermatzeko artikulatzen duen IB Sareko hezkuntza arloan dago kokatuta ZIMAT egitasmoa. Eskualdeko bost ikastetxe horien lankidetza sustatzen duen espazioa da sare hori, eta nagusiki, jarduera DBH eta Batxilergo mailetako ikasleei bideratuta dago bideratuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide