Bizkargi musika eskolak askotariko entzunaldiak eskainiko ditu datozen egunetan

Ane Olaizola 2024ko eka. 10a, 12:00

Bizkargiko ikasleen flauta entzunaldia, iaz.

Guztira, bost entzunaldi antolatu ditu Bizkargik datozen egunetarako, eta Elkargunera bertaratzen direnek perkusio, flauta, trikiti eta bandaren doinuez gozatzeko aukera izango dute, hango ikasleen eskutik.

Ikasturteko amaierako jaialdiaren ondotik, hainbat entzunaldi eskainiko ditu Bizkargi musika eta dantza eskolak hurrengo egunetan Elkargunean, eta hara bertaratzen direnek perkusio, flauta, trikiti eta bandaren doinuez gozatzeko aukera izango dute ikasleen eskutik.

Hasteko, perkusio entzunaldia izango da bihar, asteartea, Oteiza aretoan, 18:30ean hasita, eta hurrengo egunean, Banda Gaztearen txanda izango da. Egun horretan, bandak zein musika eskolako beste hainbat ikaslek zortzi pieza taularatuko dituzte Carlos Muñozen gidaritzapean; 18:00etan hasiko da emanaldia Oteiza aretoan.

Bestalde, hurrengo astelehenean, ekainaren 17an, Bizkargiko ikasleek trikiti eta pandero entzunaldia eskainiko dute 18:30ean hasita, eta hurrengo egunean, familien kontzertua ikusteko aukera izango da, ordu berean. Flautistekin borobilduko du musika eskolak entzunaldi sorta, musika tresna hori ikasten dabiltzan haur eta gaztetxoek hilaren 19an eskainiko duten emanaldiarekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide