Jon Unanuek Euskadiko Txapelketa irabazi du Urdaibairekin

Ane Olaizola

Urdaibaiko arraunlariak, atzo, garaipena ospatzen. Goian, ezkerretik bigarrena, Unanue. (Urdaibai)

Itsasoaren egoera gogorrak baldintzatuta jokatu zuten atzo Euskadiko Traineru Txapelketa, eta Dukie kide den traineruak hirugarrenez jarraian lortu zuen garaipena.

Euskadiko Traineru Txapelketa jokatu zuten atzo Donostian, itsasoaren muturreko egoerak baldintzatuta. Dena den, ez zen ezustekorik izan ez emakumeen ezta gizonen lehian ere, eta azken horienean, Urdaibai Bermeoko taldea nagusitu zen. Beraz, Jon Unanue Dukie arraunlari azkoitiarrak txapela jantzi zuen, bere taldekideekin batera. Ez da aurreneko aldia azkoitiarrak txapel hori eskuratzen duela, Bermeokoek hirugarrenez jarraian irabazi baitute Euskadiko Txapelketa — guztira, bederatzi aldiz irabazi du txapelketa—.

Ohorezko txandan lehiatu zen Urdaibai, Getaria, Zierbena eta Hondarribiarekin batera. Getaria eta Zierbena atera ziren lehen, eta, jarraian, Hondarribia eta Urdaibai. Bermeokoek aurrea hartu zioten Zierbenari, eta 23.38.99ko denboran egin zituen lau luzeak, Zierbena baino minutu erdi lehenago. Emakumeetan, Arraun Lagunak Donostiako trainerua nagusitu zen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide