8.499 azkoitiar daude Europako Legebiltzarreko hauteskundeetarako botoa ematera deituta, eta 12:00ak bitartean, erroldaren %27,90ak eman du botoa: 2.371 pertsonak, hain zuzen ere. 2019ko hauteskundeekiko —udal hauteskundeekin batera egin ziren Europakoak—jaitsiera nabarmena izan du eguerdira arteko parte hartzeak; 12,21 puntu jaitsi da, hain zuzen ere.
720 eurodiputatu izango dira Europako Parlamentua osatuko dutenak; aurreko legegintzaldian baino hamabost gehiago. Hala, Euskal Herriko herritarrek Espainiako Estatuko 61 eurodiputatuen eta Frantziako Estatuko 81 diputatuen artean izango dituzte ordezkariak.
Hautagaitzei dagokienez, Espainiako Estatuan 33 izango dira. Esaterako, EH Bildu Orain Errepublikak koalizioan aurkeztu da hauteskundeetara, ERC, BNG eta AraMes taldeekin batera. EAJk, bere aldetik, zerrenda bat osatu du Coalicion Canariarekin batera, Coalicion por una Europa Solidaria (CEUS) izena daramana. Espainiako Estatu mailako alderdiak ere izango dira, hala nola PP, PSOE, Podemos eta Sumar.
Ohi bezala, 20:00ak arte egongo dira hauteslekuak zabalik, eta orduan hasiko da botoen kontaketa. Dena den, emaitzak ohi baino beranduago emango dituzte, herrialdeen arteko ordu desberdintasunak tarteko. Zenbaketaren datuak 23:30erako jakinaraziko dituzte.
Bestalde, hauteskundeen jarraipena egingo du Gukak: hain justu, parte hartze datuak emango ditu, eta gauean zenbaketa datuen infografiak ikusgai izango dira webgune guztietan. Hauteskundeen inguruko albiste landuagoak bihar argitaratuko ditu webguneetan.