Europako Legebiltzarrerako bozak dira gaur, eta herritarrak hasi dira beren botoa ematen Azkoitiko hauteslekuetan: Elkargunean, Gaztanenea eraikinean, Xabier Munibe ikastolan eta Portaleburun, hain zuzen ere. Eguerdira bitartean, herritarrak joan-etorrian izan dira hautesleku horietan, baina ilara luzerik eta pilaketa handirik sortu gabe. Azkoitian, 8.499 herritar daude botoa ematera deituta gaur.
720 eurodiputatu izango dira Europako Parlamentua osatuko dutenak; aurreko legegintzaldian baino hamabost gehiago. Hala, Euskal Herriko herritarrek Espainiako Estatuko 61 eurodiputatuen eta Frantziako Estatuko 81 diputatuen artean izango dituzte ordezkariak.
Hautagaitzei dagokienez, Espainiako Estatuan 33 izango dira. Esaterako, EH Bildu Orain Errepublikak koalizioan aurkeztu da hauteskundeetara, ERC, BNG eta AraMes taldeekin batera. EAJk, bere aldetik, zerrenda bat osatu du Coalicion Canariarekin batera, Coalicion por una Europa Solidaria (CEUS) izena daramana. Espainiako Estatu mailako alderdiak ere izango dira, hala nola PP, PSOE, Podemos eta Sumar.
Ohi bezala, 20:00ak arte egongo dira hauteslekuak zabalik, eta orduan hasiko da botoen kontaketa. Dena den, emaitzak ohi baino beranduago emango dituzte, herrialdeen arteko ordu desberdintasunak tarteko. Zenbaketaren datuak 23:30erako jakinaraziko dituzte.
Bestalde, hauteskundeen jarraipena egingo du Gukak: hain justu, parte hartze datuak emango ditu, eta gauean zenbaketa datuen infografiak ikusgai izango dira webgune guztietan. Hauteskundeen inguruko albiste landuagoak bihar argitaratuko ditu webguneetan.