Azkoitia 700 egitasmoaren katebegi bihurtu da aurten Bizkargi musika eta dantza eskolaren ikasturte amaierako ohiko jaialdia.
Baztarrikalden espaloian jende ilara luzea osatu zen atzo 19:00ak baino lehen; txartelak eskuetan zituztela, musika eskolako ikasleen senideak eta lagunak zeuden ilaran, Baztartxon sartu eta antzokiko eserlekuak betetzeko zain.
Oholtzan, berriz, Bizkargiko adin guztietako ikasleak, irakasleek lagunduta, azken hilabeteetan ikasitakoa erakusteko gogoz joan ziren taularatzen, taldeka, ikus-entzuleen txalo beroak jasoz. Denon Azkoitia izena jarri dio aurten Bizkargik ikasturte amaierako jaialdiari, eta inoiz baino azkoitiarragoa izan zen ikasleen eskaintza. Izan ere, atzo Baztartxon entzun, abestu eta dantzatu ziren pieza guztiak azkoitiarrek egindakoak izan ziren. Din-don (Exkerra anai-arrebak), Xoxote (Candido Beristain), Anaitasuna (Beristain eta Aizpurua), Euskal gazteak dantzan eta Azkoitiri (Laja eta Landakanda), Bueltan da (Bulego) eta Anttoni eta Antton (Nemesio Etxaniz) eskaini zituzten ikasleek, eta jaialdia ixteko, bi estreinaldi: jaialdiari izena eman zioten bere bertsoak kanturako moldatuta abestu zituen Jose Luis Andreuk, eta Marijose Arregi irakaslearen Gogoz-ekin bukatu zuten jaialdia.
Andreuren Denon Azkoitia bertsoak jaialdiaren egitarauarekin batera banatu zituzten sarrerakoan.