Iraurgiri eta Iraurgikoei gorazarre egin die Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak II. Gisaski galan

Mailo Oiarzabal 2024ko eka. 7a, 12:34

Gipuzkoako saskibaloiaren ordezkari ugari elkartu ziren atzo iluntzean Sanagustin kulturgunean, horietako hainbati aitortza egiteko baliatu zuten festa giroko topaketan. Iraurgi Saskibaloiaren 50. urteurrenean, etxekoak izan ziren nagusi omenduen zerrendan: klubari berari ez ezik, Maier Lizasori, Jose Luis Zubizarreta Xubi-ri eta Azpeitiko eta Azkoitiko udalei egin zieten aitortza.

Gisaski, Gipuzkoako saskibaloiaren gala, Azpeitian egin dute aurten. Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak bigarrenez antolatu du saskibaloiaren munduan dabilen hainbat jenderen ibilbidea eta lana saritzeko baliatzen duen festa giroko topaketa, eta Gipuzkoako saskibaloiaren ordezkari ugari elkartu ziren atzo iluntzean Sanagustin kulturgunean.

Iraurgi Saskibaloia 50. urteurrena ospatzen ari den urtean, nola ez, Azkoiti-Azpeitiko kluba eta klubaren bueltakoak izan ziren galaren protagonisten zerrendan pisu gehien izan zutenak. Zortzi aitortza egin zituen federazioak II. Gisaski galan, eta horietatik hiru etxekoentzat izan ziren. Azkoitiko eta Azpeitiko udalak izan ziren arratseko lehen omenduak, Iraurgiri eta, ondorioz, saskibaloiari emandako babesarengatik; Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak eta Jon Oteiza Azpeitiko Kirol batzordeburuak Maier Lizaso ISBren presidentearen eskutik jaso zituzten oroigarriak.

Ekitaldia gidatu zuen Jon Ander de la Hoz kazetari getariarra kenduta, Lizaso izan zen atzo Sanagustingo oholtza gehien zapaldu zuena. Izan ere, Iraurgi Saskibaloiari eman zioten urteurren saria berak eta Ibon Guridik jaso zuten, eta espero ez zuen eta hunkiarazi zuen beste sari bat ere eman zioten Lizasori: Iraurgiren lehena eta oraina batu nahi izan zituen federazioak galaren azken aitortzan, eta Errekonozimendu Saria izenekoa eman zien ISBren egungo presidenteari eta urteetan klubaren zutarri izandako Jose Luis Zubizarreta Xubi-ri.

30 urte eta gero aurten saskibaloia utzi duen Ana Caso jokalaria, Eder Rebollo epailea, Goierri klubaren sortzaileetakoa izan zen Javier Iraeta, 3x3ko 17 urtez azpikoen Ibaeta Easo taldea eta Hondarribia Ikasbasket kluba izan ziren atzo Sanagustinen omendu zituzten besteak. Ainhoa Ibarburu federazioaren presidenteak 2023-2024 denboraldiaren bukaeran Gipuzkoako saskibaloiak eskaintzen duen erradiografia plazaratzeko baliatu zuen bere hitzaldia, eta mokaduarekin borobildu zuten II. Gisaski gala.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide