Ekainaren 17tik 23ra erosketak herrian egiten dituztenek sariak eskuratu ahalko dituzte

Ihintza Elustondo 2024ko eka. 8a, 08:30

Erosketa poltsak.

Iraurgi Berritzenek kanpaina berri bat jarri du martxan, Azkoitiko Herrixen eta Azpeitiko Bertan merkatarien elkarteekin elkarlanean. Kanpainak irauten duen astean Azkoitiko eta Azpeitiko saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroek arraspa txartelak jasoko dituzte, eta sariak irabazteko aukera izango dute: 500 euroko sari bat eta 100 euroko bost.

Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntza agentziak kanpaina berri bat jarri du martxan, Azkoitiko Herrixen eta Azpeitiko Bertan merkatarien elkarteekin elkarlanean. Ekainaren 17tik 23ra bitartean egingo dute, Tokiko merkataritzan erosteak irabazle egiten zaitu lelopean. Egitasmo horren helburua eskualdeko tokiko negozioak sustatzea eta babestea da.

Kanpainak irauten duen astean zehar, Azkoitiko eta Azpeitiko saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroek arraspa txartelak jasoko dituzte, eta sariak irabazteko aukera izango dute: 500 euroko sari bat eta 100 euroko bost sari banatuko dituzte, guztira. Kanpainan nola parte hartu daitekeen ere azaldu dute: ekainaren 17tik 23ra Azkoitiko edo Azpeitiko edozein saltokitan erosketa bat egitean, arraspa txartel bat jasoko du bezeroak, eta txartela urratzean, unean bertan jakingo du saririk eskuratu ote duen.

Iraurgi Berritzenek adierazi duenez, kanpainaren helburua ez da soilik tokiko saltokietan erosketak egitea sustatzea. "Tokiko
merkataritzan erostea aukeratzean, bezeroek kalitatezko produktuak eta zerbitzuak eskuratzeaz gain, gure tokiko ekonomiaren hazkundean eta jasangarritasunean ere laguntzen dute", adierazi du agentziak. Hori horrela, eskualdeko kontsumitzaile eta bisitari guztiak gonbidatu dituzte kanpainarekin bat egitera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide