Makina-erremintaren Biurtekoa egiten ari dira BEC erakustazokan (Bizkaia) ostiralera bitartean, eta sektore horretako nazioarteko enpresen artean, Azkoitiko lau lantegi ari dira azokan parte hartzen: Lagun Machine Tools, Intza Lubrication Systems, Juaristi eta Ibarmia. Hain zuzen, Biurtekoan parte hartzen ari diren lantegiak bisitatu zituen Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak atzo, haiei babesa adierazteko asmoz: "Zailtasun guztien gainetik, Azkoitiko enpresak teknologian, eta prozesuen eta kalitatearen hobekuntzan etengabe inbertitzen jarraitzen dute. Enplegu eta aberastasun iturri dira, eta, beraz, egiten duten ahaleginari balioa eman behar zaio, industria-sare indartsua behar dugulako, hamarkada luzeetan egindako lan gogorraren ondorioz, lortu dugun ongizateari eutsi nahi badiogu", esan zuen alkateak, herriko lan enpresetako arduradunekin izan ostean.
Udalaren arabera, enpresa horiek "baikor" agertu dira, baina aitortu dute "mundu mailako ziurgabetasunak eta lehiak" negozioa "gero eta konplexuagoa" bihurtu dutela.