Otaba jaiak ospatuko dituzte Elosuan larunbatetik astelehenera bitartean

Iraia Oteiza 2024ko mai. 29a, 10:53

Erakustaldiak, bazkari-afariak, erromeriak eta bestelako hamaika ekintza antolatu dituzte jaietarako. Igandean, Jubilatuen Eguna ospatuko dute, eta astelehenean, Otaba Txiki Eguna. 

Elosuan Otaba jaiak ospatuko dituzte datozen egunetan. Larunbatetik datorren astelehenera bitartean askotariko ekintzak egingo dituzte auzoko jaiak ospatzeko. Larunbat arratsaldean hasiko dituzte jaiak Azkoitia eta Bergara arteko auzoan, eta astelehen arratsaldean amaituko dituzte.

Jaiei hasiera emateko txupinazoa botako dute larunbatean 15:00etan, elizako kanpai hotsek lagunduta. 16:30ean, berriz, mus txapelketa egingo dute, eta 21:00etan, bertso afaria. Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariak arituko dira bertsotan, eta afarirako izena eman beharko da aurrez.

Igandean, Jubilatuen eguna ospatuko dute auzoan. 12:00etan, pilota partidak jokatuko dituzte auzoko pilotalekuan. 13:00etan, berriz, meza nagusia egingo dute Elosuko San Andres elizan, eta auzoan hildakoak oroituko dituzte han. 13:30ean, trikiti doinuek girotuko dute auzoa, eta 14:30ean, jubilatuen bazkaria egingo dute Elurmendi elkartean. Bazkarirako aurrez izena eman beharko da. 16:30ean, bestalde, artzai txakur erakustaldia izango da. Erakustaldiaren aurretik zein ondoren, erromeria izango da.

Astelehenean amaituko dira jaiak Elosuan, Otaba Txiki egunarekin. 13:00etan, Piskolabitx egingo dute, eta ondoren erromeria izango da. 15:00etan, berriz, auzo bazkaria egingo dute, eta arratsaldean ere erromeriak girotuko du auzoa. 18:00etan emango diete amaiera aurtengo Otaba jaiei.

Hona hemen Otaba jaien egitaraua:

Larunbata
  • 15:00etan, jaien hasiera. Banderaren jasotzea, txupinazoa eta kanpai hotsak.
  • 16:30ean, mus txapelketa.
  • 21:00etan, bertso afaria Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin.
Igandea, Jubilatuen Eguna
  • 12:00etan, pilota partidak.
  • 13:00ean, meza nagusia.
  • 13:30ean, trikitia.
  • 14:30ean, jubilatuen bazkaria Elurmendi elkartean.
  • Ondoren, erromeria.
  • 16:30ean, artzai txakur erakustaldia.
  • Ondoren, erromeria.
Astelehena, Otaba Txiki Eguna
  • 13:00etan, Piskolabitx.
  • Ondoren, erromeria.
  • 15:00etan, auzo bazkaria.
  • Ondoren, erromeria.
  • 18:00etan, jaien amaiera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide