Herri Jaiek Azkoitiko plaza hartuko dute igandean

Ane Olaizola 2024ko mai. 28a, 09:18

Iazko Herri Jaien irudi bat. (Nerea Uranga)

Baserritarren produktuak, txahal eta sagardo dastaketa zein puzgarriak izango dira igande goizetik aurrera plazan.

Ekaineko lehenengo igandearekin iritsiko dira beste urte batez Herri Jaiak Azkoitira. Ohi bezala, inguruko baserritarrek ekoitzitako garaiko produktuak izango dira nagusi herriko plazan, txahal eta sagardo dastaketarekin batera. Imanol Arrizabalaga zinegotziak azaldu duenez, "baserri mundua" goraipatzeko egitasmoa da udalak urtero antolatzen duena: "Baserriak ematen diguna ikusgai jartzeko ekimena da. Aspalditik ospatzen da, eta uste dut herritarrek eskertzen dutela. Jendetza gerturatzen da plazara. Iaz, esaterako, mila pintxo inguru banatu genituen”.

Goizean zehar arituko dira txahala erretzen Ikurrinaren plazan, eta nekazariek postuak jarriko dituzte plazan. Aurten, honako zazpi baserri eta ekoizle hauek parte hartuko dute: Azkoitiko Ipintza, Zabaleta eta Zumeta baserriek, Azpeitiko Etxearreta eta Berastegi baserriek, Zumaiako Santa Klara baserriak eta Elgoibarko Lizasagar Sagartokixak.

Horrez gain, Eusko Labela duen txahala eta sagardoa dastatu ahal izan dituzte herritarrek 12:00etatik aurrera. Horretarako, txartelak aurrez eskuratu beharko dituzte: txahal pintxoa 1,50 eurotan salduko dute, eta sagardoarentzat edalontzia, euro batean.

Azken urteetan bezala, gainera, umeentzako puzgarriak jarriko dituzte Goiko Losan, 11:00etan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide