Pentekosteek girotu dute asteburuan Martirieta, eta auzotarrak festetan murgilduta baitaude atzoz geroztik. Atzo arratsaldean bota zuten suziriarekin hasi zituzten festak Martirietan, eta ordutik hainbat ekitaldi izan dituzte bertan, hala nola trikipoteoa, bertso afaria, elizkizunak eta herri kirol saioak. Hain zuzen, dozenaka lagun elkartu dira gaur eguerdian mezaren ondoren egin duten herri kirol erakustaldian.
Olaia Esnaola harrijasotzaileak erakustaldia eskaini du aurrena, eta ondoren, Eneko Otaño eta Aitzol Atutxa aizkolarien txanda iritsi da. Zazpi kanaerdiko ebaki behar izan dituzte aizkolariek, eta biak parean ibili badira ere, Atutxa izan da aurrena lanak amaitu dituena; Esnaolaren agurreko erakustaldiaren ondoren, berriz, Aitor Etxaniz Olazarrek giza proba erakustaldia egin du, eta 20 minutuan hiru plaza eta erdi egitea lortu du 600 kiloko asto-harriarekin.
Herri kirolak amaitzean, bazkaritarako tartea hartu dute auzotarrek, auzo bazkaria egin baitute bertan. Arratsaldean amaituko dira festak, umeentzako jolasekin eta meriendarekin.
Festetako zozketa ere egin dute antolatzaileek, eta 1801 izan da zenbaki irabazlea, eta haren jabea hamabost egunetan agertzen ez bada, 2502 ordezko zenbakiari emango diote saria.