Nekazarien zaindari San Isidro eguna da gaur, maiatzak 15, eta Madariaga auzoan ez dute huts egin haren omenezko festek. Auzotarrena ez ezik, herritar ugariren topaleku izan ohi da auzoko plaza egun seinalatuan, eta eguraldiak askorik lagundu ez arren, dozenaka lagun elkartu dira gaur ere.
11:00etan hasi dituzte San Isidro eguneko ospakizunak, eta haren irudiarekin prozesioa egin dute herritarrek, Felix Azurmendi parrokoa buru zela. Ondoren, meza egin dute hango baselizan, eta hamaiketakoarekin borobildu dute eguna. Aurten, gainera, elizaren atzean dagoen eta atondu berri duten frontoian egin dute mokadua, eta txiki geratu dira eliza zein pilotalekua.