Pentekoste jaietan murgilduko dira asteburuan Martirieta auzoan

Iraia Oteiza 2024ko mai. 14a, 15:23

Martirietako Pentekoste jaiak, iaz.

Larunbat arratsaldean hasiko dituzte Pentekoste jaiak Martirietan. Trikipoteoa eta bertso afaria egingo dituzte egun horretan auzoan. Igandean, berriz, bestelako ekintza ugari izango dira.

Asteburuan ospatuko dituzte Azkoitiko Martirieta auzoan Pentekoste jaiak. Larunbat arratsaldean emango diete jaiei hasiera, 18:00etan botako duten suziriarekin, eta haren segidan, trikipoteoa egingo dute. 20:30ean, berriz, bertso afaria hasiko dute. Entsaladilla errusiarra, urdaiazpikoa, baserriko oilaskoa eta parrillan erretako txuleta letxugarekin eskainiko dituzte afaltzeko, postrea, kafea, kopa eta edariekin batera. Afaldu bitartean bertsotan arituko dira Iban Urdangarin, Xebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak. Bertso afarian parte hartu nahi dutenek erreserba egin beharko dute aurrez, 638 427 168 telefono zenbakira deituta. Afariaren prezioa 40 eurokoa da.

Igandean jarraipena izango du festak. Goizean, 10:00etan, hamarretakoa egingo dute elkartean eta bentan. 11:30ean, berriz, meza nagusia egingo dute auzoko elizan. 12:00etan, ostera, herri kirolak izango dira. Eneko Otaño eta Aitzol Atutxa aizkolariak arituko dira batetik; Olaia Esnaolak harrijasotze erakustaldia eskainiko du bestetik; eta Aitor Etxaniz Olazar-ek giza proba erakustaldia eskainiko du jarraian, Azkoitiko 600 kiloko asto-harriarekin. Herri kirolak amaitzean, bazkaria egingo dute auzoko plazan dagoen bentan, 14:30ean. Paella, entsalada mixtoa, oilaskoa, txuleta eta postrea eskainiko dituzte, 30 euroan. Bazkarirako ere aurrez izena eman beharko da 638 427 168 telefono zenbakira deituta. Eguna borobiltzeko, berriz, umeentzako jolasak egingo dituzte 17:00etatik aurrera, eta merienda eskainiko diete parte hartzaile guztiei.

Joan-etorrirako autobusa

Azkoiriko Udalak Martirieta auzora igotzeko eta handik herrira jaisteko autobus zerbitzua eskainiko du igandean. Goizean, 11:00etan igoko da autobusa hara, eta 14:00etan jaitsi. Aldiz, arratsaldean, 16:30ean igoko da autobusa auzora eta 19:00etan jaitsi. Gasolindegi ondoko geralekuan hartu beharko dira autobusak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide