Aste honetan bertan erretiratuko dute Idiakez Ederra eraikinaren eta parrokiaren artean dagoen babes egitura. Goizean hasi dituzte lanak, eta asteazkenera bitartean burutuko dituzte horiek. Lanek irauten duten bitartean, herriko plazako ohiko sarbidea itxita egongo da ibilgailuentzat eliz atarian, eta ondorioz, ibilgailuek Inazio Iriarte Margolaria kaletik barrena joan beharko dute plaza aldera. Parrokia parean, Plazaberritik doan trafikoa biribilgune aldera bideratuko dute. Oinezkoek, berriz, parrokiaren azpiko arkupeetatik pasatzeko aukera izango dute.
Ibilbide luzea
Urte asko behar izan dituzte Idiakez Ederra eraikinari irtenbide bat emateko, eta buruko min bat baino gehiago ere sortu du azken urteetan. 1619an eraikitako eraikina da, monumentu multzo kategoriako kultura ondasun izendatua. 2001ean hasi ziren lehen arazoak, orduan erori baitziren eraikinaren fatxadako lehen zatiak. 2005ean eraikina hondamendi egoeran zegoela jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta bertan bizi ziren familiak etxetik atera zituzten.
Eusko Jaurlaritzari eraikinak zuen kultura ondasuneko izendapena kentzeko ere eskatu zitzaion orduko hartan, eta egoera ikusita, eraikina eraisteko baimena eskatu zitzaion. Jaurlaritzaren erantzuna handik urte eta erdira iritsi zen, eta erantzun hartan Kale Nagusira eta eliz atarira begira dauden bi fatxadak mantentzeko betebeharra zegoela adierazi zuten.
Egoera ikusita eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko, udalak L itxurako aldamioak jarri zituen eraikinaren inguruan, 2009ko urtarrilean —geroago jarri zioten aldamio horiei estalkia—. Beraz, hamabost urtez egon dira aldamioak Idiakez Ederrari eusten. Aldamio horiek hasiera batean alokairukoak zirenez, 554.000 eurotik gora ordaindu behar izan zuten horien erabilpena zortzi urtean, harik eta 2015ean, udalak aldamioak 50.000 euroan erosteko erabakia hartu zuen arte. Etxejabeekin adostasun batera iritsi ostean, udala egin zen eraikinaren jabe.
2018an, udalak eta Visesak, Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak, akordioa itxi zuten bertan etxebizitza babestuak eraikitzeko, baina lankidetza akordio hura bertan behera geratu zen. Azkenean, 2022aren hasieran eraikinaren salmenta lizitaziora atera zuen udalak, eta erosi zuten enpresek 2022ko urrian hasi zituzten etxebizitza libreak eraikitzeko lanak. Idiakez Ederra eraikinak bi eta hiru logelako 16 etxebizitza hartuko ditu, eta aurreikuspenen arabera, uda aurretik amaituta egongo dira horien lanak.