Aizkibel kalea asfaltatzen ari da udala

Ane Olaizola 2024ko mar. 26a, 12:11

Aizkibel kaleko obrak. (Azkoitiko Udala)

Correos paretik Aingeru kaleko bidegurutzera artean ari dira lanak egiten, eta errepidea itxi ez badute ere, txandakako zirkulazioa ezarri dute. Lanak bihar amaitzea aurreikusten dute. 

Azkoitiko Udalak asfaltatze lanak hasi ditu gaur, asteartea, Aizkibel kaleako 9 eta 23 zenbakien artean, Correos paretik Aingeru kaleko bidegurutzera artean, hain zuzen ere. Obren ondorioz, txandakako zirkulazioa ezarri da tarte horretan, baina ez dute errepidea itxi. 

Gaur goizean fresatze lanak hasi dituzte, eta gaur eta bihar artean asfaltatuko dute bidea. Lanak gauzatzen ari den Asfaltos Urretxu enpresaren aurreikuspenen arabera, bihar amaituko dituzte obrak, eta ondoren, pintaketa lanak geratuko lirateke. Udalak azaldu du obra horiek ikasleen oporraldian gauzatzea erabaki dela, "eragozpenak murrizteko" asmoz, eskola garaian "jende asko" ibiltzen delako handik. Lanek 39.995 euroko aurrekontua dute, BEZ gabe. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide