Asteburu gazi-gozoa izan dute Anaitasunako talde nagusiek

Iraia Oteiza 2024ko mar. 10a, 19:14

Anaitasunaren eta Touringen partidako irudi bat. (Anaitasuna)

Ligako neurketa bana jokatu dute asteburuan Anaitasunako lehen taldeek, etxetik kanpo. Gizonek Touring taldea garaitu zuten atzo; aldiz, emakumeen taldeak ezin izan du Reala gainditu gaur.

Ligako partida bana jokatu dute asteburuan Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek. Gizonek 0-1 garaitu zuten Errenteriako Touring taldea atzo; emakumeek, aldiz, ezin izan dute Reala gainditu, eta 4-1 galdu dute Zubietan.

Gizonen partidan aukera bat baino gehiago izan zituzten bi taldeek partidu osoan zehar, baina 32. minutuan Anaitasunak sartutako gola erabakigarria izan zen. Aranbarrik kornerretik baloia sarean sartzea lortu zuen, eta garaipena eman zien azkoitiarrei. 0-1 markagailuan zela amaitu zuten partida, eta hiru puntuak eskuratuta itzuli ziren gorrixek etxera.

Emakumeek, bestalde, Reala izan dute aurkari arratsaldean Zubietan. 7. minuturako sartu du Realak bere lehen gola, eta 20. minutuan iritsi da donostiarren bigarrena. Bigarren zatian aukera gehiago izan dituzte azkoitiarrek, eta 70. minutuan, kornerreko aldaratze bat ezin hobeto aprobetxatu du Arrik buruz baloia sarean sartzeko. Hala ere, Realak aurrea hartu die gorrixei eta beste bi gol sartu ditu 75. minutuan eta 84.ean. Azkenean, 4-1 galdu du Anaitasunak Realaren aurkako neurketa.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide