Azkoitiko Udala "aparkalekuen arazoari irtenbideak bilatzen saiatzen" ari da "epe labur, ertain eta luzera", Ana Azkoitia alkatearen esanetan. Udalak gaur zabaldu duen oharrean jaso dituzte alkatearen hitzok; udala eta alkatea aparkaleku gabeziaren arazoaz bere osotasunean mintzo dira oharrean, baina San Martingo eta Altamirako bizilagunek asteburuan plazaratutako gutunari erantzunez zabaldutako oharrean auzo horietaz ari dira bereziki.
Aparkaleku eza "zenbait auzotako bizilagunen kexa nagusi" bihurtu dela onartzen du udalak, eta kexa horiei erantzuna emateko lanean ari dela nabarmendu nahi izan du erakundeak. Batetik, gogora ekarri du agintaldi honetan onartu dutela herriko Mugikortasun Plana egitea, "espazioak ordenatzeko eta optimizatzeko, ez bakarrik aparkalekuak sortuz, baita oinezkoentzat eremuak eta gune berdeak eraikitzeko ere". Plan horren erredakzioa "lizitaziora lehenbailehen aterako" dutela dio Azkoitiak, "eta ikusiko dugu zeintzuk diren alternatibak". Bestetik, alkateak azaldu du San Martin, Floreaga, Jausoro eta Baztarrikalde direla, "besteak beste", aparkaleku ezak gehien eragiten diren auzoak, eta gehitu du arazo hori "teknikoki arintzeko soluzioak aztertzen" ari direla. Datu esanguratsu batzuk ere eman ditu udalak gaur atera duen oharrean: Azkoitiak, 11.737 biztanlerekin, 6.146 auto eta 571 motor ditu gaur egun.
Aukera errazik ez
San Martini dagokionez, urtarrilaren 19an bizilagunekin bilera egin zutela azaldu du udalak, eta aste honetarako "beste bilera batera deitu" dituztela auzotarrak. Aparkalekuen kontuan azken urteetako gorabeherak ere aipatu ditu udalak: 2021eko maiatzean berotegi zaharrak zeuden tokian "berrogeitaka autorentzat" aparkalekua egokitu zuen erakundeak, baina "argi utzi" zien bizilagunei "aparkaleku hura erabilgarri izango zutela lursailaren jabea etxeak eraikitzen hasi bitartean, eta hori duela egun gutxi batzuk gertatu da".
Aparkaleku gabeziari aurre egiteko udalak mahai gainean jarritako "alternatibetako bat" orain eraikitzen hasi diren etxebizitzen azpian aparkaleku gehiago eraikitzea eta horiek salmentara bideratzea izan zen; "planteamenduak, ordea, ez zuen arrakastarik izan", dio oharrean. Hala ere, "bideragarria den guneetan alternatibak bilatzen saiatuko" dela jakinarazi du erakundeak, "partzialki behintzat arazoa konpondu ahal izateko". Aste honetan egitekoak diren bileran, Azkoitiak adierazi du "mahai gainean" dituzten proposamenak helaraziko dizkietela auzotarrei, eta horiekin batera aztertuko dituztela balizko soluzioak; baina "egon daitezkeen aukerak ez dira errazak", aurreratu du alkateak.
Oteiza frontoiak
Oteiza frontoiak aparkaleku gisa denbora gehiago erabiltzeko aukera aztertzen ari direla ere jakinarazi du Azkoitiak gaurko oharrean. Hain zuzen ere, frontoiak ibilgailuentzat gauero irekitzea "pentsatzen" ari da udala, "auzotarrek gauez aparkatu eta goizez espazioa libre uztekotan". Orain arte, Baztartxo antzokian edota Gurea pilotalekuan ekitaldi jendetsuren bat egitekoa denean irekitzen dute Oteiza frontoien zati bat, eta batik bat asteburuetan gertatzen dira horrelakoak.
"Gai honek asko kezkatzen gaitu eta ez dugu alde batera utziko", berretsi du alkateak.