Joan den asteburuko mus txapelketaren ondoren, asteburu honetan ospatuko dituzte aurtengo festak Baztarrikalden. Eta mus txapelketa bezala, prestatu dituzten ekintzak Gurea pilotalekuan egingo dituzte. Hain zuzen ere, Gureako probalekuaren bueltan elkartuko dira zapatuan eta igandean Baztarrikaldeko jaietara joaten direnak. Izan ere, zapatu gauerako idi apustua eta igande arratsalderako asto proba antolatu dituzte.
Zapatuan, 22:00etan hasita, Ezkioko (Gipuzkoa) Igeldoren eta Aiako (Gipuzkoa) Erreistaren idi pareek neurtuko dituzte indarrak Gurean, 3.000 euro jokoan dituztela. Ipintza harria erabiliko dute apusturako. Alegria eta Igeldo arituko dira itzai lanetan Igeldoren idiekin; eta Tubilla anaiak, berriz, Erreistaren abereekin. Gaueko apusturako pisaketa 10:00etan egingo dute; idiek 1.140 kilo pisatu beharko dute, eta gehiago pisatzen badute, kiloko kilo eta erdiko gainkarga ezarriko diete apusturako.
Igandean, astoek hartuko dute idien lekukoa Gurean. Asto proba aspalditik da Baztarrikaldeko jaietako osagaia; duela gutxira arte kalean egiten zituzten astoen arteko demak, baina igandean Gurearen aterpean egingo dute. Hiru asto lehiatuko dira frontoiko probalekuan, 18:00etan hasita: Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) Etxaberena, Maruriko (Bizkaia) Billabasorena eta Gamizko (Bizkaia) Torrontegirena. Azkoitiko asto harriari 75 kiloko gainkarga jarriko diote igandeko demarako, eta hori izango da asto bakoitzak –pisu librearekin– hogei minutuko saioan mugitu beharko duena.