Naia Arrizabalaga eta Julene Iturbe: "Plazetan genero ikuspegia gero eta gehiago zaintzen da"

Intza Trula - Urtzi Oteiza 2024ko mar. 6a, 10:30

Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolaria da Julene Iturbe; bertsolaria eta irakaslea, berriz, Naia Arrizabalaga. Bertatik bertara ezagutzen dute emakumeen bilakaera bertsolaritza munduan.

Eskolan eta etxean haurtzarotik jasotakoak piztu zuen bertsolaritzaz gehiago ikasten jarraitzeko interesa Julene Iturberengan (Azkoitia, 2001) eta Naia Arrizabalagarengan (Azkoitia, 2004). Duela urte batzuk egoera bestelakoa bazen ere, azken honetan gora egin du emakumeen presentziak bertsolaritza munduan, eta gorakadak bere horretan jarraituko duela iritzi dute bi gazteek. Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolariak dira biak, eta aurten, haurren bertso irakaslea ere bada Arrizabalaga.

Azkenaldian gero eta handiagoa da emakumeen presentzia goi mailako bertsolaritzan, baina nolakoa da egoera beheragoko mailetan?

JULENE ITURBE: Nik uste dut, orokorrean, bertso eskoletan beti egon direla emakumeak, baina goi mailan hutsune handia zegoela. Egia da Erniarraitz bertsozale elkartean gizonezko gehiago daudela, baina emakumeak ere bagaude, eta gure aurretik ere egon dira. Azken urteetan, ordea, plaza handietan eta aitortza berezia duten plazetan emakumeen presentzia areagotu da, eta esango nuke hori zela falta zitzaiguna. Zorionez lortu dugu beheragoko mailetan egiten dena plaza handietan islatzea.

NAIA ARRIZABALAGA: Erniarraitz bertsozale elkarteko umeen talde gehienetan neskak daude, eta esango nuke hori badela zerbaiten seinale.

Bilakaerak, beraz, gorantz egin du haurretan ere?

N. A. : Ez ditugu datu zehatzak esku artean, baina talde guztietan emakumeak daude, eta batzuetan gehiengoa dira. Guk jarduten dugun plazetan genero ikuspegi hori gero eta gehiago zaintzen da, eta emakumeak gehiago hartzen dira kontuan. Orokorrean, sariketetan eta saioetan parekidetasunari garrantzia ematen zaie.

J. I. : Lehen ere aritzen ziren emakumeak bertsotan, baina gero zaila zen horien proiekzioa zein zen ikustea, ez baitzeuden eszenatoki handietan. Azken finean, plaza garrantzitsuetan, mahaiaren bueltan eta saioetan ikusten dituzunak gizonak baldin badira, beste modu batera ikusten duzu bertsolaritza. Bilakaerari dagokionez, urte batzuetan emakume gehiago aritu dira bertsotan; beste batzuetan, aldiz, gutxiago. Azken denboran, neskak oso gogotsu sartzen ari dira bertso eskolara.

Emakumeak telebistan ikusteak eragina izan al du azken urteetako egoeran?

N. A. : Bai, esan daiteke emakumeak bertsotan ikustea islatu egin dela gazteetan. Azken finean, orain badituzte emakumeak ere erreferentzia modura.

J. I. : Orokorrean, jendea afizioz gustura ibiltzen da bertsotan, baina lehen, plazara salto egiteko ordua iristen zitzaienean, neska gazte askok utzi egiten zuten. Hor zegoen hutsunea. Gaur egun, ordea, beste gogo batekin etortzen dira, eta goi mailako erreferente horiek dituztenez, neska askok koska hori pasatu egiten dute.

Zenbaterainoko garrantzia du emakumeen presentziak taula gainean?

J. I. : Erabat garrantzitsua da bai oholtzan emakumeak egotea, eta baita era guztietako emakumeak egotea ere. Zenbat eta errealitate, gorputz, izaera eta kantaera gehiago egon, orduan eta aberasgarriagoa izango da bertsolaritza, baita artea eta gizartea ere orokorrean. Erreferente horiek edukitzea guretzat ere oso inportantea da, errazagoa baita horrela aurrera jarraitzea, eta ikasketak ez uztea.

N. A. : Azkenengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala lau neskak eta lau mutilek osatu zuten. Mundu honetan gabiltzan guztiontzat pentsatzeko zerbait izan zen hori, eta garbi ikusi genuen emakumeak zenbaterainoko presentzia hartzen ari diren bertsolaritza munduan.

J. I. : Azkenean, gu haurrak ginenean, Maialen Lujanbio zen gure erreferente bakarra, eta, orain, gehiago ere badaude. Bizkaian, esaterako, aurreko urtean eskolarteko txapelketan zortzi emakume iritsi ziren finalera. Uste dut lehen aldiz ikusi nuela horrelako zerbait.

Gauzak aldatzen ari badira ere, sekula jasan behar izan al duzue komentariorik bertsolaritzan zabiltzaten bi emakume izateagatik?

J. I. : Zentzu horretan zortea izan dudala esango nuke, eta ez dut gogoan komentario edo egoera deserosorik bizi izan dudanik. Egia da eremu askotan eta jende askorekin ibiltzen garela, eta eremu batzuetan erosoago sentitzen garela beste batzuetan baino. Nik, orokorrean, babesa sentitu dut beti.

N. A. : Nik entzun izan ditut komentarioak. Egia da ni bertso eskolan hasi nintzenean gazteena nintzela, eta gainera, neska. Komentario batzuk entzun behar izan ditut emakumea izateagatik eta plazan ibiltzeagatik. Halere, egoera horien aurrean ingurukoek ondo erantzun dute beti, eta babestuta sentitu izan naiz. Orain dela urte batzuk, agian, erantzuna ez zen berdina izango. Horrelakoetan ikusi dut gaur egun gizarteak badakiela erantzun bat ematen horrelako uneetan.

Zein dira zuen erreferenteak bertsolaritzan?

J. I. : Niretzat Maialen Lujanbio da erreferentea. Iruditzen zait berak lortutakoa ez duela beste inork lortu. Ate pila bat ireki ditu. Bere belaunaldiko bakarra ez den arren, denok jarraitu dugun bertsolari bat da, oso gauza garrantzitsuak egin dituena. Gaur egun aitortza bat dauka, eta oraindik ere plazetan egiten jarraitzen duena ez du jende askok egiten.

N. A. : Maialen Lujanbiok asko eman dio bertsolaritzari, eta oraindik ere asko ematen jarraitzen du. Esango nuke gehienbat horrek harrapatu gaituela. Askotan, badirudi guztia eman duela eta gorenera iritsi dela, baina beti dakar zerbait berria.

Etorkizuna nola ikusten duzue?

J. I. : Nik uste dut etorkizun oparoa dagoela, eta berdintasunerako pauso horiek ematen ari garela. Gaur egun errealitate asko ikus daitezke oholtzaren gainean, eta gero eta gertuago gaude bertsolariak ikusteko, eta ez emakume bertsolariak. Emakume bat gizon bat bezain bertsolaria da, eta hori normalizatzea garrantzitsua da gazteen interesa pizteko.

N. A. : Iruditzen zait bideak bere horretan jarraituko duela, eta emakumeok presentzia handiagoa lortuko dugula. Bertsolaritza ez da irabaztera edo galtzera mugatzen; zuri bertsolari bat gusta dakizuke, eta albokoari bestea. Generoaren ikuspegi hori ere apurtu egin behar dugu. Betidanik, hainbat esparrutan, gizonezkoak hartu ditugu erreferentzia modura, eta horri buelta bat eman beharra daukagu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide