Gutuna

Errekuperazioak

Maddi LarraƱaga 2024ko mar. 1a, 10:57

Maddi Larrañagak honako gutuna idatzi du Azkoitia BHIko batxilergoko ikasleek hasi duten borroka prozesuaren inguruan: 'Errekuperazioak'.

Gaur egun, ez da batere erraza gaztetatik politika egiten hastea, gizartean orokortuta dagoen marea despolitizatuak irentsi egin nahi duelako gehiengoa. Hala ere, gero eta gehiago gara inposaketarik gabeko errealitate batera bidean ikastetxeetan lanean dihardugunak. Horren adibide dira, azken hilabeteetan martxan jarritako borroka prozesuak.

Eskualdeko ikastetxe guztietan errekuperazioekin arazoak zeudela ikusi genuen, eta horiei irtenbidea emateko asmoz, antolatzeko bitartekoak jarri eta borroka prozesuak martxan jarri genituen. Azkoitiko kasuari dagokionez, zazpi orduz klaseak izan ondoren, behartuta gaude, ordubete eskasera, errekuperazioekin hastera (gehienetan etxera itzultzeko denborarik izan gabe). Gainera, errekuperazio bat baino gehiago izanez gero, ikasteko denbora oso murritza da.

Hori horrela, ikasleen iritziak jasotzeko beharra sentitu genuen, eta horri ekin genion. Ikasle guztien erantzunak jaso eta egoera aztertu ondoren, aldaketa baten beharra zegoela ikusi genuen. Ikasleen iritzi orokortu hori kontuan hartuta, zuzendaritzara jo genuen, ikasleen eskakizuna mahaigaineratzera. Errekuperazioak goizez izatea eta horien artean klaserik ez egotea proposatu genien haiei. Ez genuen ezezkorik jaso, kontrara, interesa erakutsi ziguten. Gauzak horrela, kontaktuan jarraitzea adostu genuen.

Gaur egun ordea, bi hilabete inguru pasata, beraien erantzunaren zain jarraitzen dugu. Hori gutxi ez balitz, denbora tarte honetan, gurekin kontaktuan jartzeko eta arazoaren inguruan hitz egiteko prestutasunik ez digute erakutsi. Gainera, jada heldu zaigu errekuperazioen garaia eta arazoak bere horretan jarraitzen du.

Orain, martxoaren 20ko ikasle grebaren atarian, beste behin, garbi ikusi dugu ez dela zuzendaritzaren interesetan sartzen ikasle langileon beharrak asetzea. Are gehiago, beraiek ere hezkuntzan ematen diren aldaketa interesatuen erantzule dira. Horregatik, hezkuntza sistema enpresari handien interesen logikari erantzuten dion beste mekanismo bat dela garbi ikusiz, beharrezkoa dugu, guri, ikasle langileoi, modu independente batean antolatu eta jartzen dizkiguten ezintasunei aurre egitea. Horregatik guztiagatik, Ikasle Abertzaleak taldetik, martxoaren 20ko grebarekin bat egitearen garrantzia azpimarratu nahi dugu.

Ikasle langileok borrokara! Inposizioen hezkuntzari ez!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide