Berdinketa eta porrota, Anaitasunako talde nagusientzat

Iraia Oteiza 2024ko ots. 12a, 10:18

(Anaitasuna)

Emakumeek Leioako taldea izan zuten aurkari larunbatean, eta banako berdinketarekin amaitu zuten partida; gizonek, berriz, Derioren aurka jokatu zuten, hango futbol zelaian, eta esku hutsik itzuli ziren etxera.

Ligako partida bana jokatu zuten larunbat arratsaldean Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek. Emakumeei azken minutuan ihes egin zien garaipenak Leioan, eta banako berdinketarekin amaitu zuten norgehiagoka; gizonek, aldiz, ezin izan zuten Derio gainditu, eta 3-0 galduta itzuli ziren etxera.

Emakumeen partidan, lehen zatian ez zen golik egon. 68. minutuan iritsi zen Anaitasunaren gola; Arriren erdiraketa ezin hobeto aprobetxatu zuen Mariak eta zuzenean sartu zuen sarera. Norgehiagoka amaitzear zela, ordea, Leioak partida berdintzea lortu zuen 90. minutuan, eta banako berdinketarekin amaitu zen partida. Ondorioz, azken minutuan hiru puntuek alde egin zieten Anaitasunako emakumeei.

Gizonek, bestalde, Derioren aurka jokatu zuten Espainiako Hirugarren Mailako neurketa Bizkaiko udalerri horretan, eta ezin izan zuten taldea mendean hartu. Hasiera makurra izan zuten gorrixek, Deriok bi gol sartu baizizkien bigarren eta hirugarren minutuetan. Bigarren zatian zenbait aukera izan zituzten azkoitiarrek, baina ez zuten asmatu. Sei minutuko luzapenean iritsi zen bizkaitarren hirugarren gola eta gisa horretan amaitu zuten norgehiagoka, 3 eta 0ean. Punturik eskuratu gabe itzuli behar izan zuten gorrixek etxera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide