Denboraldiari ekiteko prest da Azkoitri triatloi kluba

Ihintza Elustondo 2024ko ots. 10a, 13:52

Azkoitri klubeko kideak taldearen aurkezpen ekitaldian, Gurea pilotalekuan. (Azkoitri)

Azkoitiko triatloi klubak denboraldiko aurkezpena egin du goizean, Gurea pilotalekuan. Ia 70 kide ditu klubak, eta horietatik lau emakumeak dira. Otsailaren 17an ekingo diote sasoiari, Zornotzan (Bizkaia).

Azkoitri Azkoitiko triatloi klubak denboraldiko aurkezpena egin du gaur goizean, Gurea pilotalekuan. Hain zuzen ere, bertan izan dira klub horretako hainbat kide, eta aurtengo sasoirako prestatu dituzten jantziak soinean atera dute argazkia. Otsailaren 17an ekingo dio sasoiari klubak, Zornotzan (Bizkaia); Amorebieta-Etxanoko Taldekako Erlojupeko Duatloia jokatuko dute egun horretan.

Azkoitri Azkoitian errotutako kluba den arren, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako kideak ere badira klubean. Oraingoz, hamabost pertsona federatu dira, baina urte bukaerarako, 35 bat izango direla aurreikusten dute Azkoitriko kideek. Klubean, dena den, kide gehiago dira; Whatsapp taldeak 69 kide ditu. Oraingoz, lau emakume batu dira klubera, baina ardurarunek adierazi dutenez, bost edo sei izan daitezke gerora. Klubeko partaide batzuek duatloietan parte hartzen dute, beste batzuek triatloia praktikatzen dute, eta beste batzuek, berriz, bi modalitateak uztartzen dituzte.

Azkoitri triatloi kluba 1992an sortu zen, eta azken urteetan bezala, triatloiari bultzada emateko lan egingo dute aurtengo sasoian ere. Inguruotako hainbat lekutako probetan parte hartuko dute denboraldian zehar Azkoitriko kideek, baina etxean ere arituko dira; izan ere,  martxoaren 16an jokatuko dituzte Azkoitiko duatloiak. Umeen proba egingo dute goizean, eta arratsaldean supersprintaren txanda izango da –proba herrikoia eta egokitua–.

Urtean zehar norbaitek Azkoitri klubera batzea nahiko balu, ez dagoela horretarako arazorik adierazi dute klubeko ordezkariek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide