Eskolako Agenda 2030 tarteko, Munoaundin zuhaitzak landatzen eta ingurua garbitzen izan ziren herriko ikastetxeetako ikasleak joan den ostiralean. Ihartutako aleak kentzeaz gainera, lurra garbitu eta urmael ingurua ere atondu zituzten ikasleek, txandaka, udal langileen laguntzaz.
2021-2022 ikasturtean, Azkoitiko ikastetxeetako ikasleen eskaerari jaramon eginez, udalak Munoaundin zuen hektarea bat ikasleen esku utzi zuen, espezie ezberdinetako zuhaitzak landatuta baso bat sortzeko. Hori horrela, basoko lehen zuhaitzak landatu zituzten orduan, eta urmael bat ere eraiki zuten inguruan. Orduz geroztik, landaketa eta ingurua zaintzeko lanetan aritu dira herriko ikasleak, basoaren hazkuntza bermatzeko. Joan den ostiralekoa zainketa lan horietakoa izan zen.