Herriko ikastetxeetako kideak Santa Eskean arituko dira datozen egunetan

Ane Olaizola 2024ko ots. 1a, 09:00

Floreaga ikastetxeko kideak Santa Eskean, iaz. (Floreaga ikastetxea)

Azkoitia BHIko, Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga ikastetxeko kideak Santa Eskean arituko dira datozen egunetan, herriko txokoak koplez girotzeko asmoz. 

Datorren igandea Santa Ageda bezpera izango da, eta ohiturari jarraituz dozenaka lagun aterako dira herriko kaleetara Santa Eskean koplak kantatzera. Aurten, Santa Ageda bezpera jaieguna izanik, ordea, antolatzaileek egokitu egin dituzte hitzorduak.

Ohi bezala, Floreagako taldea Santa Ageda bezperan aterako da kalera, eta 11:00etatik 13:00etara artean, herriko txokoak zeharkatuko dituzte kantuan. Biharamunean, berriz, HHkoak eta LH lehenengo eta bigarren mailakoak aterako dira Santa Eskean, beti ere eguraldi ona egiten badu.

Xabier Munibe ikastolako kideak, berriz, goiztiarrenak izango dira, LH 6. mailakoak bihar —ostirala— arituko baitira kalean Santa Eskean, 15:00etatik 17:00etara artean.

Azkoitia BHIko ikasleak, bestalde, Santa Ageda egunean bertan arituko dira koplatan: bi taldetan banatuta, batzuk San Jose egoitzara joango dira, eta besteak udaletxera. Ondoren, Xabier Munibe Ikastolan elkartuko dira guztiak, 12:00etarako, eta handik irtenda, kalez kale ibiliko dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide