Azkoitiko Udalak aurrekontu parte hartzaileen prozesua jarriko du aurten abian, aurtengo udal aurrekontuetan txertatzeko egitasmoak eta proiektuak erabaki ditzaten herritarrek. Udalaren arabera, herritarrei ahotsa emateko helburuz jarri du 100.000 euroko partida, eta beti ere "beharrak eta lehentasunak" kontuan hartuta txertatuko dituzte eskaerak.
Herritarren ekarpenak jaso nahi ditu udalak, "ahalik eta erabakirik onenak" hartzeko asmoz, eta horretarako, prozesuaren aurreneko bilera egingo dute datorren astelehenean, hilaren 29an, 18:00etan, Elkarguneko Intsausti aretoan. Prozesuaren nondik norakoak azalduko dituzte bertan.
Udalak herritar guztiak animatu ditu prozesuan parte hartzera, askotariko profilez osatutako herritarrek "aberasgarriagoa" egingo dutelako prozesua.